31. jardunaldia egoan jokoan astegoien honetan. Retro jardunaldia ligan, talde bakotxak kamiseta retroak edo bereziki jardunaldi honetan bakarrik erabiliko dauan kamisetagaz jokatu dau. Pasa dan asteko porrotaren ostean beharrezkoa zan Vila-realen kontra garaipena lortzea San Mamesen. Europara sartzeko txartela gero eta gatxagoa izango da eta dagoeneko Getafe dago 8. postuan 41 puntugaz eta bihar jokatu behar dau jardunaldi honetako partidua Levanteren kontra.
Oso talde indartsua eta joko handikoa da Vila-real baina dagoeneko eta matematikoa ez bada be, ia eginda dauka Txapeldunen Ligako sailkapena. Halanda guztiz be ez jako asko igerri azkeneko partiduetan, emoitzei jagokenez, Gironaren kontrako porrota kenduta.
Hasieratik Athletic gogotsu bat ikusi dogu, baloia gura eban eta saiakera asko egin dauz batez be Nico Williamsek ezker hegaletik. Askotan aitatu dogun zorroztasuna eta argitasuna falta izan jako azkeneko metroetan baina Vila-real baino gehiago hurreratu da aurkariaren areara eta baloia be gehiago euki dau. Baina ez da nahikoa izan gola lortzeko eta Vila-realek, lehenengo abisu isolatu baten ostean, kontraerasoan lortu dau lehenengo gola, 26. minutuan. Defentsan ohiko deskonexinoa gertatu da eta Sergi Cardonak bakarrik hartu dau baloia huts eta batekoa egiteko.
Athleticek akats desbardinak kateatu dauz golaren ostean eta kostau jako baina ostabere zeozelango oreka lortu dau.
Lehenengo zatiko luzapenean Iñigo Lekuek baloi bat jaso dau bakarrik defentsan baina Alfon presinora gogotsu joan da eta Lekueren akats larria eragin dau 50. minutuan huts eta bikoa ezartzeko.
Athletic indartsu urteten saiatu da bigarren zatian baina Vila-real oso eroso egoan emoitzagaz eta zelaian lasaitasun horregaz jokatu dau. Aurrera egiten saiatu da taldea eta nabarmendu behar dogu Athleticek erdiraketa asko egin dauzala, hegaleetatik sartzen saiatu da, horren ondorioz korner asko ataratea lortu dau baina arrakasta barik.
Azkeneko minutuetan lortu dau Athleticek bat eta bikoa sartzea. 84. minutuan sartu dau gola Gorka Guruzetak eta hondino denpora geratu arren ezinezkoa izan dau Athleticek aukera garbiak sortzea. Azkeneko jokaldietan penaltiren bat eskatu dabe Athleticeko jokalariek baina epaileak ez dau ezta berrikusi behar izan eta horrela amaitu da partidua.
Athletic 12. postuan dago 38 puntugaz eta deskantsua eukiko dau taldeak hurrengo astean. Apirilaren 21ean jokatuko dau Osasunaren kontra, 9. postuan dagoala 39 puntugaz. Athleticek orain arte gorantza begiratu dauan arren 6 puntara dago jeisteko lehenengo postua eta zazpi partidu oso gogorrak eukiko dauz aurretik.