Erasoan argitasun faltak eta defentsan akats argiak (1-2)

Europara baino beheko postuetara begiratu beharko dau Athleticek hurrengo partiduetan

31. jardunaldia egon da jokoan astegoien honetan. Retro jardunaldia Ligan, talde bakotxak kamiseta retroak edo bereziki jardunaldi honetan bakarrik erabiliko dauan kamisetagaz jokatu dau. Pasa dan asteko porrotaren ostean, beharrezkoa zan Villarrealen kontra garaipena lortzea San Mamesen. Europara sartzeko txartela gero eta gatxago dago. Getafe 8. postuan dago, 41 puntugaz, eta bihar jokatu behar dau jardunaldi honetako partidua Levanteren kontra.

Oso talde indartsua eta joko handikoa da Villarreal. Matematikoa ez bada be, ia eginda dauka Txapeldunen Ligarako sailkapena.

Hasieratik Athletic gogotsu bat ikusi dogu, baloia gura eban eta saiakera asko egin dauz, batez be, Nico Williamsek ezker hegaletik. Askotan aitatu dogun zorroztasun eta argitasun falta izan jako azkeneko metroetan, baina Villarreal baino gehiago hurreratu da aurkariaren areara eta baloia be gehiago euki dau. Baina ez da nahikoa izan gola lortzeko eta Villarrealek, lehenengo abisu isolatu baten ostean, kontraerasoan lortu dau lehenengo gola, 26. minutuan. Defentsan ohiko deskonexinoa gertatu da eta Sergi Cardonak bakarrik hartu dau baloia, huts eta batekoa egiteko.

Athleticek akats desbardinak kateatu dauz golaren ostean eta kostau jako, baina ostabere zeozelango oreka lortu dau.

Lehenengo zatiko luzapenean Iñigo Lekuek baloi bat jaso dau bakarrik defentsan, baina Alfon presinora gogotsu joan da eta Lekueren akats larria eragin dau, 50. minutuan huts eta bikoa ezartzeko.

Athletic indartsu urteten saiatu da bigarren zatian, baina Villarreal oso eroso egoan emoitzagaz eta zelaian lasaitasun horregaz jokatu dau. Aurrera egiten saiatu da talde zurigorria eta nabarmendu behar dogu Athleticek erdiraketa asko egin dauzala, hegaleetatik sartzen saiatu da. Korner asko ataratea lortu dau, baina arrakasta barik.

Azkeneko minutuetan lortu dau Athleticek bat eta bikoa sartzea. 84. minutuan sartu dau gola Gorka Guruzetak eta hondino denpora geratu arren, ezinezkoa izan dau Athleticek aukera garbiak sortzea. Azkeneko jokaldietan penaltiren bat eskatu dabe Athleticeko jokalariek, baina epaileak ez dau ezta barrikusi behar izan eta horrela amaitu da partidua.

Athletic 12. postuan dago 38 puntugaz eta deskantsua eukiko dau taldeak hurrengo astean. Apirilaren 21ean jokatuko dau Osasunaren kontra, 9. postuan dagoala 39 puntugaz. Athleticek orain arte gorantza begiratu dauan arren, 6 puntara dago jeisteko lehenengo postua eta zazpi partidu oso gogorrak eukiko dauz aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00