Athleticek aurrerantz bakarrik begiratuko dau Liga txapelketea amaitzeko geratzen diran lau jardunaldietan. Zuri-gorriek balio handiko garaipena eskuratu dabe Alavesen zelaian eta berrogeita lau puntu lortuta, behin betirako urrundu dira behealdeko postu bietatik. Lehen zati negargarria egin ostean, partidua goitik behera aldatu da azken hogei minutuetan. Valverderen bostehungarren partiduan Athleticen aulkian, lehoiek zama itzela kendu dabe lepo ganetik eta Europarako sailkapena eskuratzeko helburuagaz jokatuko ditue azken lau partiduak, Valentzia eta Celtaren aurka San Mamesen, eta Espanyol eta Real Madriden aurka kanpoan.
Euskal derbia ez da ondo hasi Athleticentzat, zortzigarren minuturako etxeko taldea aurreratu egin dalako markagailuan Antonio Blanco kapitainak sartutako golari esker. Alaveseko jokalariak erraztasun gehiegi euki dau area barrutik jaurtitzeko. Golak min handia egin deutso Valverderen taldeari. Izan be, bilbotarrak ez dira aurkariaren ateko hiru zutoinen artera jaurtitzeko gauza izan lehen zati osoan. Etxeko taldea, erasoan ezer gitxi egin arren, gol bateko aldeagaz joan da atsedenaldira.
Lehen zatian Athleticen erakutsitako joko eskasa ikusita, garbi egoan Valverdek aldaketak egin behar ebazala taldea berbizteko. Navarro, Sancet eta Ruiz de Galarreta zelairatu dauz, Unai Gomez, Mikel Jauregizar eta Iñaki Williamsen ordez. Lehenengo minuturako, Navarrok bardinketaren gola sartu dau. Bardinketaren gola jaso arren, etxeko taldeak ez dau aldatu bere jokatzeko modua eta barriro aurreratu da markagailuan, Athleticeko jokalariak txarto defendidu daben korner baten.
Sei minutu beranduago, baina, Oihan Sancetek binako bardinketea sartu dau Guruzetak egindako paseari etekin bikaina atarata. Hortxe hasi da zuri-gorrien oldarraldia. Partidua amaitzeko zortzi minutu geratzen ziranean eta batek baino gehiagok partidua zelan joan dan ikusita bardinketea ontzat emoten ebanean iritsi da Nico Williamsen gol bikaina, barriro be, Rober Navarrok eta Guruzetak hasitako jokaldiari amaiera ederra emonda. Eta garaipena biribiltzeko, lau minutu beranduago, Williams anai gazteak ederto baliatu dau Tenaglia atzeralariaren hutsa zuri-gorrien laugarrena sartzeko. Kontuak kontu, amaitu dira sufrimenduak eta amets-gaiztoak Athleticentzat. Lau partidu dagoz aurretik eta Europarako sailkapena dago jokoan. Denporaldi gora-beheratsuaren ostean, ia zuri-gorriek euren mailarik onena emoten badabe azken lau jardunaldietan.