Amaitu da zuri-gorrien kurutzebidea (4-2)

Athleticek denporaldiko hemeretzigarren porrota jaso dau Santiago Bernabeun partidu negargarria eginda
Denporaldiko hamargarren gola sartu dau Guruzetak liga txapelketan Real Madriden aurkako partiduan / Athletic Club

Athleticek ezin izan deutso amaiera duina emon denporaldiari eta galdu egin dau Santigo Bernabeun Real Madriden aurkako partidua. Eskerrak, ez egoala ezer jokoan. Behin baino gehiagotan esan dogu porrot guztiak ez dirala bardinak eta galtzeko moduak dagozala. Ligako azken jardunaldian, Ernesto Valverderen gizonak baloiaren atzetik korrika ibili dira partidu osoan aurkariaren atera hurreratu be egin barik. Ganera, etxeko taldeak lau gol sartu dauz erasoan gauza gitxi egin arren. Real Madridek erraz, errazegi lortu dau garaipena, Athleticek ez deutso-eta burukomin txikiena be eragin.

Zenbakiek ez dabe guzurrik esaten. Athleticek Santiago Bernabeun jokatzen dauenean, gehienetan galdu egiten dau, ondo ala txarto jokatu. Oraingoan, zuri-gorriek barriro galdu dabe, baina oraingo honetan txarto, oso txarto jokatuta, jokaldi dexente bat josi barik. Real Madridek be ez dau beste munduko ezer egin baina nahikoa izan dau baloi luzeak jokatzeagaz Athleticen atzealdea hankaz gora ipinteko. Holan heldu dira merengeen lehenengo gol biak. Carvajalen pase luzea Athleticeko atzelarien bizkarrera eta Gonzalo gazteak ederto gainditu dau Alex Padilla. Minutu batzuk beranduago, Pitarchen pase sakona eta Bellinghamek bere taldearen bigarrena sartu dau.

Lehen zatia amaitzear egoala, Guruzetak partiduan sartu dau Athletic, Iñaki Williamsek eskoiko hegaletik egindako erdiraketea baliatuta. Ganera, zuri-gorriek hasiera ona emon deutse bigarren zatiari, bigarren minuturako gol aukera garbia euki dabe-eta. Handik gitxira, baina, Bilboko taldearen zale guztien itxaropenak ezerezean geratu dira Mbappek Real Madriden hirugarren gola sartu dauenean. Hortxe amaitu da partidua. Hortik aurrera, Santiago Bernabeun bildutako zaleek agur beroa eskeini deutse Alaba eta Carvajali eta zuri-gorriek txalotu baino ez dabe egin. Urko Iruretagoiena, Izetak, markagailua itxuratu dau bere denporaldiko lehen gola sartuta.

Kontuak kontu, Athleticek hamabigarren postuan amaitu dau denporaldia, hemeretzi partidu galduta. Oso gatxa da azaltzea zer gertatu jakon talde zuri-gorriari denporaldi honetan. Egia da lesioek ez deutsela bape lagundu Valverderen taldeari, baina zuri-gorrien errendimenduak euki dauen gainbeherea ez dauka azalpen garbirik. Ernesto Valverdek agur esan deutso Athletici eta Edin Terzic alemaniarrak hartuko dau taldearen ardurea garagarriletik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00