Gastronomia garapen ekonomikoa sortu leike? Bardintasuna bultzatu, lurraldea indartu eta gizartea eraldatzeko tresna bihurtu daiteke? Galdera horreek Bizkaia Gastronomika Summit ekimenaren abiapuntu izango dira irailaren 21ean Bilboko B Accelerator Tower egoitzan. BISUBIk, Bizkaiko Sukaldarien Bilkura Fundazioak, antolatzen dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesagaz. Gastronomiako profesionalei, ekintzaileei, elikagaien arloko startup eta enpresei, erakundeei eta sektoreko barrikuntza-ekosistemako gainerako eragileei zuzendutako ekimena izango da.
Ekimenaren lehen edizino honek helburu argi bati erantzuten deutso: sektoreko eragileen artean eztabaida sortzea, Bilbotik eta Bizkaitik, hamar urte barruko gastronomia alkarregaz irudikatzeko. Gastronomiak lurralde lehiakorrago, jasangarriago, barritzaileago eta inklusiboago baten eraikuntzan izan leikezan zereginaren inguruko alkarrizketa-gunea sortu gura da. Horrezaz gain, elikadurak sortu leikezan eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa aztertuko da, eta eraldaketa hori gidatuko dabenak konektatzeko be balioko dau.
BISUBI Fundazioak gastronomia sukaldaritzatik haratago doala ulertzen dau; hau da, balio ekonomikoa sortzeko, negozio-eredu barriak bultzatzeko, tokiko ekoizpen-sarea indartzeko eta gure garaiko erronka handiei aurre egiteko gaitasuna daukan jardueratzat hartzen dau. Gastronomia enplegua, ekintzailetza, barrikuntza, nortasun kulturala, elikagaien industria, jasangarritasuna eta kohesino soziala danez, Bizkaia Gastronomika Summit topaketak espazio berean alkartuko dauz ekosistema gastronomikoko eragileak. Programea hiru ardatz nagusiren inguruan egituratuko da, eta ardatz horreek sektorearen erronka eta aukera nagusietako batzuk islatuko dabez: bardintasuna eta emakumeen lidergoa, ekintzailetza gastronomikoa eta sukaldaritza-jardueraren eragin soziala. Topaketaz gain, workshop estrategiko bat be egingo da.
BISUBI, Bizkaiko Sukaldarien Bilkura Fundazioa, 2022an 89 sukaldarik sortutako Bizkaiko irabazi-asmorik bako erakundea da. Lau urte eskas geroago, 300 profesional baino gehiago batu dira proiektura.