Gaur, bagilak 1, hasi da bainu-denporaldia ofizialki Euskadin bainatzeko izentauta dagozan 46 eremuetan. 41 kostaldean eta 5 Uribarri Ganboako urtegian. Osasun Sailak jakitera emon dauanez, osasun-ebaluzinoen arabera, eremu horreetako 40k uraren kalidade ona edo bikaina daukie. Horrek erakusten dau autonomia-erkidegoko bainu-eremuen egoera orokorra ona dala. Halanda be, lau eremutan —Areeta (Getxo), Toña (Sukarrieta), Karraspio Txiki (itsasadarra, Mendexa) eta Portu Txiki (Zierbena)— ez dira ezarritako kalidade-irizpideak betetan, eta beraz, ez bainatzeko gomendioa egin dau Osasun Sailak, harik eta arrazoiak aztertu eta erakundeen arteko koordinazinoan hobetzeko neurriak aplikatzen diran arte.
Osasun Sailak etenbako zaintza-programa garatuko dau uda osoan, eta horren barruan, laginak hartuko dira astero bainu-eremu guztietan uraren analisi mikrobiologikoa egiteko. Ganera, hondartzen eta eremu kontinentalen inguruaren egoera orokorra ebaluauko da, garbitasuna, eskura dagozan zerbitzuak, eta higiene eta osasun baldintzak aztertzeko.
Gune bakotxaren egoera sanitarioari buruzko informazino eguneratua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren webgune ofizialean kontsultau daiteke, eta uraren kalidadea eta gorabeherak kontsultau ahal izango dira modu arin eta gardenean.
Kerik bako hondartzak
Bestalde, ingurune osasungarrien sustapenaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko 21 hondartzak bat egingo dabe aurten Kerik Gabeko Guneak ekimenagaz. Bertan, ez erretzea eta ez bapeatzea eskatzen da. Neurri honen helburua herritarrak tabakoaren ketik babestea eta hondartza garbiagoak eta iraunkorragoak izatea da, hondakinak murriztuz eta ingurumenaren kalidadea hobetuz.