Munduko Arrozak herri ekimenaren 23. edizinoa zapatuan San Frantzisko auzoan

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako Ehunka Sare Komunitarioak antolatzen dau

Aurten be, 2004an sortutako ekimen herrikoi eta komunitario hau, hainbat jatorri, kultura eta errealidadetako herritarren topagune bihurtuko da. Antolatzaileek azaldu dabenez, Munduko Arrozak ekimenak auzoetako kulturartekotasuna, bizikidetza eta parte hartze soziala sustatuko dauz. 3.000 pertsona inguruk parte hartuko dabe, 110 talde eta kuadrilla baino gehiagotan antolatuta, eta dozenaka herrialde eta kultura ordezkatuz.

Gastronomiaz haratago, Munduko Arrozak espazio ireki, herrikoi eta parte hartzailea dala aldarrikatzen dabe antolatzaileek. Aurtengo edizinoak “ahotsa altxatu gura dau gerrei ez esateko, auzoen nortasuna eta aniztasuna aldarrikatzeaz, eta etxebizitza eskuratzeko krisia eta bizilagun askori eragiten deutsien gizarte bazterketako egoerak salatzeaz gain”, azaldu dabe antolakuntzatik.

Zapatuan, egun osoan zehar, kultur jarduerak, umeentzako tailerrak, emonaldiak eta kalejira izango dira San Frantzisko auzoko kaleetan zehar, baita ohiko arroz lehiaketa herrikoia eta herri bazkaria be. Goizeko 09:00etan hasiko dira mahaiak eta aulkiak banatzen izena emoten daben taldeen artean. 11:00etan hasiko da arrozen prestaketa, umeentzako jolas eta tailerrekaz eta musika emonaldiakaz batera. Aniztasunaren aldeko kalejira 13:00etan hasiko da, eta Munduko Arrozak lehiaketa gastronomikoa 13:30ean egingo da. Ordubete geroago arroza doan banatuko da, bazkaria hasteko. Sari banaketea eta zozketea 17:00etan izango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00