‘Urdaibaiko Esentziak Mahastietan’ gastronomia eta kultur jaialdia datorren astean

Bagilaren 19an eta 20an ospatuko da Gernika-Lumoko Itsasmendi upategian

Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Turismo Urdaibairen bitartez, Urdaibaiko Esentziak Mahastietan ekitaldiaren edizino barri bat antolatu dau. Eskualdeko esentzia, gastronomia, txakolina, kultura eta paisairen bidez ezagutzeko konbidapena egiten dauan proposamena. Bagilaren 19an eta 20an izango da hitzordua, Gernika-Lumoko Itsasmendi upategian. Mahastiz inguratutako toki ezin hobe horretan, parte-hartzaileek esperientzia parebako batez gozatzeko aukerea izango dabe.

Urdaibai Esentziak Mahastietan Turismo Urdaibaik sustatutako proposamen berezienetako bat bihurtu da urteotan. Ekitaldiaren helburua lurraldearen nortasuna balioan jartzea da, enoturismoa, tokiko gastronomia eta kulturaren bitartez. Mahastietan barrena egindako ibilalditxoa, eskaintza gastronomikoa eta kultur jarduerak buztartzeak, aukera emoten deutse bertaratutakoei Urdaibaira ikuspegi esperientzial batetik hurreratzeko, txakolina protagonista nagusi dalarik.

Egitarauari bagilaren 19an emongo jako hasierea, Kaitin Allende umoregilea protagonista izango dauan saioagaz. Mahastien arteko ibilaldi baten ostean, Urdaibaiko lau txakolin eta tokiko produktuakaz prestautako lau pintxoren dasteketagaz batera, Kaitin Allendek umorezko bakarrizketea eskainiko dau. Hurrengo egunean, bagilaren 20an, Olatz Salvador abeslariaren txandea izango da. Bere musikak girotuko dau bisitea eta dastaketea.

Sarrerek 20 euroko prezioa daukie, eta dagoeneko eskuragarri dagoz Turismo Urdaibaren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00