Urriaren 13an ekingo jako indusketa arkeologikoari Begoñako basilikan

Tenpluak bere ohiko jarduerari eutsi ahal izango deutso prozesuak iraun bitartean

Bizkaiko Foru Aldundiak urriaren 13an ekingo deutso Begoñako basilikako indusketa arkeologikoari, Begoñako Amaren eguna (urriak 11) ospatu ostean. Esku-hartzea Begoña/Vecunia proiektuaren parte da, eta Begoñako historia, kristau-kultuak Bizkaian izandako sorrera eta Bilboko lehenengo populatze-zantzuak hobeto ezagutzeko aukerea emongo dau. Tenpluak bere ohiko jarduerari eutsi ahal izango deutso prozesuak iraun bitartean.

Proiektua Ondare Babesa SLk eta View Arkitektura eta Ikerketa kooperatiba-alkarte txikiak osotutako aldi baterako enpresa-alkarteari esleitu jako, eta urtebete iraungo dau. Aurretiko fase honetan, esku-hartzearen diseinua, administrazino-izapideak eta lanen antolaketa amaitzen dabilz, indusketa egitean ondarearen zein egunero basilikara joango diran pertsonen segurtasuna bermatze aldera.

Laster, lurpeari eta eraikinari buruzko aurretiazko azterketak egingo dira, georradar tekniken bitartez. Teknika horreek, inbaditzaileak ez diranez, ez dabe tenplua aldatzen, ezta kaltetzen be, eta lurperatutako egiturak atzematea ahalbidetzen dabe, esaterako hormak edo hilobiak, eta ohiko indusketa errazteko balioko dabe.

Esku-hartzeak mailaz maila egingo dau aurrera basilikako hainbat eremutan, une bakotxean bakarrik ezinbesteko dan espazioa hartuz. Holan, tenpluak bere ohiko jarduerari eutsi ahal izango deutso prozesuak iraun bitartean.

Ondarea

Esku-hartze horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sendotu egiten dau lurraldeko ondare historikoaren ikerketa, kontserbazino eta zabalkundeagaz daukan konpromisoa. Begoña/Vecunia egitasmoak, Begoñako basilikagaz egindako hitzarmenaren bidez ahalbidetu danak, aukerea emongo dau Bizkaiko historiaren funtsezko epe bat hobeto ezagutzeko eta ezagutza hori herritarrei hurreratzeko.

Herritarrentzat zabalik

Proiektuaren irekitasuna eta dibulgazino izaera nabarmendu behar da. Lanak ohiko itxituren ostean ezkutau beharrean, zurezko egitura arin bat ipiniko da, informazino gune lez erabiliko dana. Leihoen eta behaketa-puntuan bidez, bisitariek bertatik bertara ikusi ahal izango dabez ikerketa arkeologikoaren aurrerapenak.

Jarduera oso konplexua da, zabalik eta jardunean egongo dan tenplu baten barruan egingo dalako. Horregaitik, lanak jarduera erlijiosoan ahalik eta gitxien eragiteko antolatuko dira. Zarata gehien eragin leikien lanak kultu-ordutegietatik kanpo programauko dira, eta hondeaketa ospakizun bakotxaren preminetara egokituko da, ospakizunetarako eta fededunen otoitz pribaturako ezinbestekoa dan isiltasuna une oro bermatuz. Neurri espezifikoak be hartuko dira tenpluko elementurik kalteberenak babesteko. Lan-guneak isolatuta egongo dira eremu babestuetan hautsik sartu ez daiten, eta organoak babes berezia izango dau esku-hartzeak iraun bitartean. Erretaula nagusia ikusgai egongo da une oro, bere kontserbazino-egoera babesteko aurreikusitako neurriei esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00