Guruzetak apurtuta dauka ezker belauneko lotailu gurutzatua

Valentziaren aurkako partiduan lesionau ostean ebakuntza gelatik igaro beharko da lesinoa osatzeko
Gorka Guruzetak eskoiko belauneko lotailu gurutzatua apurtu eban 2019an Bilbao Athleticen jokatzen ebilela / Athletic Club

Gorka Guruzetak apurtuta dauka ezker belauneko lotailu gurutzatua eta ebakuntza gelatik igaro beharko da lesinoa osatzeko. Athletic Clubetik ez dabe zehaztu hondino noiz egingo deutsen ebakuntzea baina jokalariak agur esan deutso denporaldiari. Izan be, zortzi edo bederatzi hilabete beharko ditu barriro jokatzeko moduan egon arte. Gorka Guruzetak badaki zer dan belauneko lotailua haustea, eskoikoa apurtu eban-eta 2019an Bilbao Athleticeko jokalari zala.

Edin Terzicek ez dauka aukera askorik Guruzetak itzitako hutsunea beteteko. Iñaki Williams eta Maroan Sannadi dira hautagai nagusiak. Aurrelari bilbotarrak sarritan jokatu dau postu horretan baina bere errendimendua ez da lar ona izan. Mestallan jokatutako partidua da adibiderik onena. Maroan Sannadiri jagokonez, aurten ez dau minutu askorik jokatzeko aukerarik izan baina orain arte gauza gitxi erakutsi dau Athleticen. Bilbao Athleticera begiratzea litzateke beste aukera bat baina gaur gaurkoz ez dago postu horretan jokatzeko hautagai garbi bat Bittor Llopisek zuzentzen dauen taldean.

Kontuak kontu, beste buruko min bat Edin Terzic entrenatzailearentzat denporaldi hasiera arraro honetan. Izan be, hiru partidu atzeratu egin ditue eta jokalari garrantzitsuak lesionau egin dira. Unai Egiluzen belauneko lesinoaren ostean, Nico Williams lesionaturik itzuli zan Espainiako selekzinoarekin jokatu ostean eta handik gitxira Oihan Sancetek be zuntz hausturea euki dau. Gorka Guruzetarena izan da azken barri txarra, taldeak arazo handiak dituenean golak sartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00