Urdulizko Udalaren eskariari erantzunez, Labayru Fundazioak Urdulizko lanbideen sidurriak batzen ikus-entzunezkoa egin dau. Bideoan, herritarren testigantza eta bizi-esperientzia desbardinen bidez, Urdulizko tradizinozko lanbideen eta bizimoduaren barri emoten da. Herriko ekonomia eta gizartearen oinarri izan ziran ogibideak —baserritarra, bendejerak, esne-saltzaileak, errotariak, perratzaileak, uztarriginak, arotzak, kareginak, fabrikako langileak eta Urdulizko denda eta taberna txikietakoak— ezagutzeko eta balioan jartzeko egitasmoa da.

Dokumentala bihar, urriaren 23an (18:00etan), aurkeztuko da Urdulizko Kultur Etxean, Ondarearen Europako Jardunaldien programazinoaren barruan.
Egitasmo honek Urdulizko ondare immateriala dauka ardatz nagusi. Izan be, gaur egun teknologia barriak eta bizimodua erabat aldatu badira be, atzoko lanbideen aztarnak eta oihartzuna hondino be bizirik dagoz Urdulizko kale izenetan, toponimian eta familia askoren oroitzapenetan. Nekazaritza eta abeltzaintzatik bizi zan gizarte tradizionaletik industria eta zerbitzu herri izaterainoko bilakaera erakusten da, herriko toponimian eta aitita-amamen oroimenean bizirik segiduten dauan ondare immateriala berreskuratuz.