3 urtetik beherako 8 ume dagoz Bizkaiko zentruetan harrera-familien zain. Bizkaiko Foru Aldundiak 1997. Urtetik dauka abian harrera-familien zerbitzua. Urte honetako zezeilean emondako datuen arabera, Bizkaian 294 adin txikiko dagoz familia desbardinetan bizitzen. Honeetatik 174 aitona-amona edo osaba-izekoakaz bizi dira eta 120 eurena ez dan familia bategaz bizi dira. Horrez gain, 24 ume dagoz adopzinoan amaitu leikienak. Bizkaia Irratiko Lau Haizetara irratsaioan, Matxalen Cayerok, Aldundiaren Haur Zerbitzuko psikologeak esan deusku gero eta familia gitxiago dagozala eta gero eta ume gehiago familien beharrizanean. Momentu honetan, 3 urtetik beherako 8 umek daukie familien beharra. Familien zain dagozan umeek beharrizan handiagoak daukiez. Cayeroren esanetan, ume horreen bizitza ordenatu behar da.
Harrera-familia motak
Gogoratu daigun, harrera-familia izateko, balorazino prozezu bat igaro behar dala eta presatu egin behar dala. Berbaldi batetara joatea izaten da lehen pausua eta bihar bertan egingo da hurrengoa Bilbon. Horrez gain, 4 saioko prestakuntzea egin behar izaten da. Harrera mota desbardinak izaten dira. Pilar Urruzuno eta Karlos Fraile esate baterako, urgentziazko harrera-familia dira. Egun batetik bestera deitu leikioe ume bat hartzeko. Amagoia Omagogeaskoa barriz, harrera iraunkorreko familia da. 2018. urtetik 7 urteko mutikotxu bat daukie. Bai Pilarrek eta baita Amagoiak be aitortu deuskue, umezaleak direla. Pilar eta Karlosen kasuan ez daukie seme-alaba biologikorik. Zortzi urte bete dabez urgentziazko harrera-familia modura eta pozik dagoz hartutako erabagiagaz. Umeei maitasuna emon beharra azpimarratu dabe. Amagoia Omagogeaskoak seme-alaba biologiko bi daukaz eta familian hartu eben harrera-familia izateko erabagia. Prozezua luzea eta gatxa bada be, aldundiak lagundu egiten dauala gogoratu dau.
Informazinoa non
Bizkaiko Foru Aldunditik gogoratu dabenez, ahalegin handia egiten da adin txikikoak euren guraso biologikoakaz mantentzen. Hori izaten da lehentasuna Honakoa ezinezko bihurtzen danean emoten da harrera-familiengana igarotzeko pausua. Beharrizana dago Bizkaian eta harrera-familia izatea gura dabenei begira esan, 94 447 07 37 telefono zenbakira deitu leikiela edo acogimientofamiliar@bizkaia.eus-era emaila idatzi.