
Gaixotasun Arraroen Munduko Egunaren asten murgilduta gagoz. Berez, “arraroa” dan zezeilaren 29an ospatzen da aitatutako eguna. Dana dala, aurton zezeilak 28 egun euki dituenez, zezeilaren 28an ospatu egin da. Baina, zer da gaixotasun arraro bat? Juan del Arco geure botikariak definizinoa plazaratu deusku: “2.000 pertsonetatik, bati eragiten deutson gaixotasuna arrarotzat joten da“.
Gaixotasun arraroen harira, sendagai zurtzen ganean egin dogu berba. Sendagai zurtzak gaixotasun arraroei aurre egiteko erabilten diranak dira. Sarritan, erakunde publikoek diru-laguntzak emon behar dabez, ikerketei bultzadea emoteko. Gaixotasunak arraroak diran heinean, interes gitxi dago inbertsino potenteak egiteko ikerkuntzan. Halanda be, 30 miloi lagunek daukie gaixotasun arraro bat Europan. Guztira, 6.500 gaixotasun arraro dagoz.
Gaixotasun arraro gehienak oso larriak dira eta gaixoaren bizi itxaropena nabarmen murrizten dabe. Ganera, gatxen bi herenak jaiotzatikoak dira. Beraz, oso garrantzitsua da bakotxa ikertzea, tratamenduak oso lagungarriak diralako. Horretarako, inbertitzen jarraitu behar da.