Itziar Ituño aktorearentzat izango da aurtengo Begirada saria

"Beti berria den zinea" aurtengo leloa

47. Zine Bilera abian Lekeition

Lekeitioko 47. Euskal Zine Bilera / Bizkaia Irratia

Lekeition, Euskal Zine Bilera izango da gaurtik hilaren 21era bitartean. 47. edizinoa da aurtengoa. Euskal Herrian mantentzen dan zinemaldi zaharrena da eta euskera hutsez Hego Euskal Herrian egiten dan bakarra. Beti berria den zinea leloa aukeratu dabe aurten, belaunaldi barriak erakartzeko asmotan datorren leloa da. Lehiaketea izaten da Euskal Zine Bileraren atal garrantzitsuena. Aurten be, era guztietako lanak aurkeztu dira. Azpimarratzekoa da, animazinozko lanek gorantz egin dabela. Proposamen anitzak. Tartean, 20 film labur, Urrezko Antzarra lortzeko lehian. Epaimahaiak eta ikusleek bozkatu ahal izango dabe. Ainara Elgoibar zinegilea, Martxelo Rubio aktorea eta Nerea Ibarzabal idazle eta bertsolaria dagoz epaimahaian. 47. edizinoan bertsolaritzeak protagonismo berezia izango dau. Ohikoa izaten da urtero, zinemagintza, kultura arloko beste arlo batzukaz batzea. Urriaren 19rako antolatu da Bertso Zine Gaua. Biharamonean, Naia Laka eta Xabier Villalbaren Zortzitik Infinitura dokumentala eskeiniko da Ikusgarri aretoan. Zine Bileraren sortzaile eta arima dan Benito Ansolaren ganeko dokumentala. Gaur egun antolatzaile lanetan dabilen taldetik, Xabier Arratek esan deusku, berezia izango dala honen emonaldia.

Euskal Zinemaren Begirada

47. Zine Bileran, Itziar Ituño aktoreak jasoko dau Euskal Zinemaren Begirada saria. Arratek gogoratu dau, Zine Bileran, ikus-entzunezkoak eta euskerea batzen direla. Gaineratu dauanez, Itziar Ituño munduan zehar ezagun egin dan aktorea da, munduari euskeraz ekiten deutson aktore unibertsala. Bestalde, Euskaltzaleen Topaguneagaz alkarlanean Harrobia egitasmoa izango da ikasleakaz batera, Klixka esperimentazino espazioa Arropaineko Arraguagaz batera edo euskal zinearen ondarea batu eta dibultgatzeko Atzo 8 espazioa zabalduko da Lekeition. Jaialdiari amaierea emoteko, urriaren 21ean lehiaketako palmareseko filmeak proiektatuko dira batetik, eta bestetik, Levante filmearen emonaldia eskeiniko da. Egitarau osoa eta sarrerak erosteko erea www.zinebilera.eus webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular