2023.urtean Euskal Eleizbarrutietako misinoek 75 urte betetan dabez

Urtean zehar hainbat jarduera eta ekitaldi izango dira urteurrena gogoratzeko eta ospatzeko

Misinoak 75 urte mundura zabalik

1948.ko urriaren 12an euskal Eleizbarrutietako lehenengo misinolariak Ekuadorrerantza abiatu ziran. Aitzindariak izan ziran. Ordutik hona, 75 urte honeetan, Euskal Eleizbarrutietako misinoak Amerika eta Afrikako hainbat lekutan hedatu dira. 700 misinolari inguruk Eleizearen mundu mailako misinoaren aldeko apustuari bultzadea emon deutse.

Julio Cuadra urte askotan Ekuadorren misinolari lez jardun dauan laikoa da. Los Rios probintzian egon zan 7 urtez, 1985etik 1992ra bitartean. Bere esanetan, oso esperientzia ona izan zan, aberasgarria zentzu guztietan. “Beti esaten dot horreek izan zirala nire bizitzako urterik politenak, zoriontsuenak” azaldu dau Cuadrak.

Euskal Eleizbarrutietako misinoak eleizbarrutien konpromisoa da. Beste tokiko elizakaz batera misinoen arloko lankidetzea bideratzen dau eta baita alkartasuna eta misinoaren aldeko bokazinoak sustatu be.

Euskal Eleizbarrutietako misinoen 75.urteurrena gogoratzeko, urtean zehar hainbat jarduera eta ekitaldi izango dira. Martiaren 4an, Gasteizko Seminarioan, Eleizbarruti arteko Misinoen Artxiboa inaugurau eben. Bihar, martiak 15, ‘75 bidelagun izaneztopaketea egingo dabe Bilbon, Barrian eraikinean (Plaza Barria, 4). Urteotan misinoen arloan lagundu izan daben eta laguntzen dabilzan personak batuko dira bertan. Apirilaren 21erako Bilboko Koral alkartearen kontzertua antolatu dabe Abandoko San Bizente Martiria parrokian. Eta ’75 urte mundura zabalik’ erakusketa ibiltaria be atondu dabe.

Aurtengo Eleizbarrutiko Misinoen eguna domekan ospatuko da, martiaren 19an, goiburu honegaz: ’75 urte mundura zabalik’. Bilboko Katedralean ospatuko da Euskaristia, 12:00etan, On Joseba Segura gotzaina buru dala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular