Carlos Olabarri Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako zuzendaria izan da geugaz Bizkeliza tartean

Maiatzaren 23an, barriz, abadegintzearen urteurrenak ospatuko dira Begoñan

Abadeen erretiroa gaur, Felix Larrondo bikarioak gidatuta

Abadegintzearen urteurrenen igazko ospakizuna / Bilboko Eleizbarrutia

Ministerio Ordenaturako Idazkaritzak antolatuta, Bilboko Eleizbarrutiko abadeek eta diakonoek erretiroa egingo dabe gaur. Erretiroa Felix Larrondo VI. bikaritzako lurralde bikarioak gidatuko dau. Ekitaldian On Joseba Segura gotzainak be parte hartuko dau eta Begoñako Gogarte Etxean ospatuko da. Carlos Olabarri Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako zuzendariak azaldu deuskunez, “erretiroak helburu bigaz antolatzen dira: batetik, otoitz egiteko eta bestetik, alkarregaz egoteko”. Gaurkoa, ikasturte honetako hirugarren erretiroa izango da.

Bien bitartean, maiatzaren 23an, Jesukristo Abade Nagusi eta Betierekoaren egunez, abadegintzearen urteurrenak ospatuko dira, urtero lez, Begoñan. Abadegintzearen Titaniozkoak (75 urte), Platinozkoak (70 urte), Diamantezkoak (60 urte), Urrezkoak (50 urte) eta Zidarrezkoak (25 urte) ospatuko dira. Carlos Olabarriren esanetan, egun hori benetan be garrantzitsua da Eleizbarrutiko abadeentzat.

Maiatzaren 23an (11:00etan) Juan José Priscok berbaldia emongo dau. Aita Santuak izentau eban berau Sinodo-seneko Eleizari buruzko Sinodoaren inguruko aditu lez eta Salamancako Pontizife Unibertsidadeko Zuzenbide Kanonikoko fakultadeko katedraduna da. Berbaldiaren ondoren, 12:30ean, Eukaristia ospatuko da Begoñako basilikan, Bilboko gotzaina buru dala, eta egunari amaierea emoteko, bazkaria izango dabe Gogarte Etxean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular