Urtearen lehen erdia amaituta, Abanto-Zierbenako Udalak balantze positiboa egin dau martxan daukazan proiektuen inguruan. Besteak beste, auzoetako hobekuntza lanak, irisgarritasuna handitzeko obrak eta etxebizitzen birgaitzeak nabarmendu dauz udal gobernuak. Aurrera begira, urtearen bigarren zatian garatuko dabezan egitasmoen barri emon dau Iñaki Urrutia del Cura alkateak.
Datozen hileetan argiteria publikoa barritzeko lanak jarriko dabez martxan Las Carrerasen, San Fuentesen eta landa eremuetan, energia eraginkortasuna hobetzeko asmoz. Horrez gain, aparkaleku barriak sortzea be aurreikusi dabe hainbat auzotan, herritarrek azken urteotan gehien planteau dabezan beharretako bati erantzuteko.
Bestalde, etxebizitzaren egoereak be kezkea sortzen jarraitzen dau udalerrian. Udalak egin dauen lehen etxebizitza azterketaren arabera, 379 etxebizitza huts dagoz Abanto-Zierbenan, eta egoera horri urtenbidea emoteko hainbat neurri prestetan dabilz. Horrez gain, El Casal auzoan alokairu sozialerako 38 etxebizitza eregiteko proiektua be abian da, udalerriko etxebizitza eskaintzea handitzeko helburuagaz.
