Latxa euskal adimen artifizialean oinarritutako lehen aplikazinoa da

PUNTUEUSek BAAI.EUS webgune-sortzailea aurkeztu dau

BAAI.EUS, mugarria ingurune digitalean

PUNTUEUS Fundazioak BAAI.EUS aurkeztu dau, webgune profesionalak sortzeko prozesua errazten dauan tresna digital barria. Adimen artifizialaren laguntzaz, programazino-ezagutzarik izan barik, webguneak sortu, editau eta argitaratzeko aukerea eskaintzen dau. Egitasmoaren berezitasun nagusietako bat da HITZ zentroak garatutako Latxa Euskal Adimen Artifiziala aplikazino praktiko baten txertatu dabela lehenengoz. Josu Waliño PUNTUEUS Fundazioko zuzendariak BAAI:EUSen ezaugarriak azaldu dauz Bizkaia Irratian.

Tresna barriaren helburua webgune bat sortu gura daben herritarrei, autonomoei, enpresa txikiei eta alkarteei prozesua erraztea da. Waliñok azaldu dauanez, webgune bat sortzeko, hainbat pausu tekniko emon behar dira: domeinua erregistrau, hosting-zerbitzua kontratau eta webgunea sortzeko plataforma instalau, besteak beste. Horrek, kasu askotan, kanpoko profesionalak kontratau beharra eta hasierako inbertsino handia ekarri dau. BAAI.EUSek prozesu hori toki bakarrean egiteko aukerea emoten dau. Erabiltzaileak adimen artifizialaren laguntzaz sortu leike webgunea, bere proiektuaren ezaugarriak eta beharrizanak adierazota. Adimen artifizialaren laguntzarik barik sortzeko aukerea be badago. Ganera, erabiltzaileak proiektua doan probatzeko aukerea daukie, tresna erabilgarri dagoalako PUNTUEUSen webgunean.

BAAI.EUSen barrikuntza nagusietako bat, Latxa Euskal Adimen Artifizialaren integrazinoa da. PUNTUEUSeko zuzendariaren esanetan, horrek gure hizkuntzari eta Euskal Herrian garatutako teknologiari garrantzia emoten deutso, webguneak sortzeko prozesuan erabiliko diran testuak euskarazko ikuspegitik lantzeko aukerea eskaintzen daualako.

Enpresa txikiei eta profesionalei zuzenduta

PUNTUEUS Fundazioak erabiltzaile-profil nagusi bi izan dauz kontuan BAAI.EUS garatzeko. Alde batetik, webgunea behar daben autonomoak, enpresa txikiak eta alkarteak dagoz. Bestetik, bezeroentzat proiektu txikiak garatzen dabezan agentziak. Josu Waliñok azaldu dauanez, enpresa txiki askok ez daukie webgunea sortzeko behar dan ezagutza teknikorik, eta kanpoko zerbitzuak kontratau behar izaten dabez. BAAI.EUSek, barriz, erabiltzaileari bere kabuz lan egiteko aukerea emoten deutso, kostu txikiagogaz. Tresnak webgune baten ohiko funtzinoak eskaintzen dauz, eta denda elektronikoak sortzeko aukerea be badauka, salmenta eta ordainketa-sistemak integrauta.

Agentzien kasuan, proiektu txikiak garatzeko denpora eta baliabideak aurrezteko tresna izan daiteke. Waliñoren esanetan, webguneen diseinu eta garapen prozesua erraztuta, profesionalek bezero gehiagori zerbitzua eskaini ahal izango deutsie, proiektu bakotxerako hadierako inbertsino handirik egin barik.

Euskeraren presentzia digitalean indartzeko tresna

Euskarazko adimen artifizialaren erronka nagusietako bat Interneten dagoan edukia da. PUNTUEUSeko Fundazioko zuzendariak azaldu dauenez, adimen artifizialeko ereduak aurretik dagoan informazinoagaz entrenatzen dira, eta euskarazko eduki digitalaren bolumena txikiagoa da ingelesagaz edo gaztelaniagaz alderatuta. BAAI.EUSek euskarazko webgune gehiago sortzen lagundu leike, eta horrek hizkuntzearen presentzia digitalean eragin zuzena izan leike. Horrez gain, euskarazko adimen artifiziala erabilera profesionaletarako be baliagarria dala erakutsi gura dau egitasmoak. Waliñoren arabera, garrantzitsua da euskarazko teknologiak eguneroko jardunean erabiltzea eta erabiltzaileek euren gailuetan euskerea lehenestea.

BAAI.EUS tresnaren garapenari begira, PUNTUEUS Fundazioak hobekuntza barriak aurreikusten dauz. Waliñoren esanetan, Latxa eredua hobetzen dan neurrian, BAAI.EUSek be hobekuntzak jasoko dauz. Horrezaz gain, datozan hileetarako beste funtzionaltasun batzuk lantzen dabilz; horreen artean, lehendik webgune bat daukien erabiltzaileek euren edukia BAAI.EUS plataformara automatikoki inportatzeko aukerea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00