Deportazinoak ezin dira automatikoki egin, eta kasu bakotxa banan-banan aztertu behar da

UNICEF Espainiako Gobernuagaz lanean dabil unidade espezializatuak martxan jarteko

Ainhoa Lejonagoitia: “Adinbakoak ezin dira holan deportatu”

Ume errefuxiatuak / UNICEF

Ceutan azken asteotan bizi dan migrazino egoereak kezka berezia sortu dau bakarrik dagozan adinbakoen inguruan. Milaka pertsona kalean edo behin-behineko kanpalekuetan egon dira, eta horreen artean oraindino identifikatu bako adinbako ugari dagoz. Ainhoa Lejonagoitia UNICEFeko komunikazino arduradunak azaldu dauenez, ez dakie zehatz zenbat diran, ezta zein arrisku edo beharrizani egin behar deutsien aurre be.

Ceutako baliabideak gainezka dagoz, eta UNICEF Espainiako Gobernuagaz lanean dabil unidade espezializatuak martxan jarteko. Helburua adinbakoak identifiketea, euren egoerea banan-banan aztertzea eta leku seguruetara eroatea da. Lejonagoitiak nabarmendu dau egunek aurrera egin ahala egoerea larriagotzen dabilela eta ahalik eta arinen erantzun behar jakola.

Unicefek arreta berezia jarri dau adinbako horreek euren jatorrizko herrialdeetara bueltan bialtzeko aukeran be. Erakundearen arabera, deportazinoak ezin dira automatikoki egin, eta kasu bakotxa banan-banan aztertu behar da. Adinbakoaren egoerea eta arriskuak ez eze, asiloa eskatzeko edo familia berralkartzeko aukerak be kontuan hartu behar dira.

Lejonagoitiak gogorarazo dau nazinoarteko zuzenbideak eta Espainiako legediak adinbakoen eskubideak babesten dabezala. Horregaitik, edozein erabagi hartu aurretik, adinbakoaren interes gorena bermatzea ezinbestekoa dala azpimarratu dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00