Bart gauean, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen AITA MARI erreskate-ontziak 294 lagunen erreskatean parte hartu dau, Nadir monitorizazino-ontziagaz eta Italiako kostazainarekin batera egindako operazino batean.
Sea Watch GKEren Airborne behaketa-hegazkinak topera ioiazan zenbait txalupa prekario ikusi ditu eta horreen barri emon dau, 294 pertsona egozan larrialdi egoeran. Txalupak Lampedusatik hego-mendebaldera topau dabez, SAR eremuan (Search and Rescue), eta Maltak erantzukizun zuzena dauka salbamenduan eta erreskatean. Maltako eta Erromako koordinazino-zentroei berehala jakinarazo jake zer egoeratan egozan eta Maltako agintariek erantzunik emon ez dabenez eta hasieran italiarrek esku hartzeari uko egin deutsenez, salbamendu-txalekoak banandu dira eta Aita Mari ontzian 170 pertsona bere sartu dira, segurtasuna bermatzeko.
Erreskate-operazinoan Aita Marik parte hartu dau, Nadir monitorizazino-txaluparen, ResQship GKEaren eta azkenean, Italiako kostazainen laguntzeagaz, Aita Marik igorritako egoeraren jakinarazpenari esker.
Horren guztiaren ondorioz, 294 pertsona erreskatau dira, horreetatik 172 Aita Mari ontzian dagoz itsasoratuak. Italiako agintariek esleitutako Salernoko portuan lehorreratuko dira. 81 gizon, 15 emakume, bakarrik dagozan 55 adingabe, 3 eta 10 urte bitarteko 4 ume eta 0 eta 2 urte bitarteko 2 ume txiki. Saharaz hegoaldeko herritar gehienak Tunisiatik abiatu ziran, eta jatorriz Ginea, Burkina Faso, Mali, Senegal eta Gambiakoak dira, nahiz eta nazionalidade gehiago egon bere. Lehen ebaluazino medikoaren arabera, guztiak dagoz arriskutik kanpo.
Itsas Salbamendu Humanitarioak eskatzen dau legea bete daitela eta larrialdi humanitarioari arreta emateko neurri instituzional eta proportzionalak aplikau daitezala, baita babes eta asilo politikak bere, nazioarteko itsas legeak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala edo Giza Eskubideen Europako Konbentzioa errespetatuz.
Dinoe Itsas Salbamendu Humanitariotik lotsatu egiten dauzela ikusteak zelan EBk eta haren estatu kide Greziak, Italiak, Maltak eta Espainiak migratzaileei eta errefuxiatuei sorospena ez emoteko politika kriminalakaz jarraitzen daben.