Sara Txurruka Lekeitioko Orekan Bai zentroko nutrizionisteak aldizkako baraualdia zer dan eta zein onura eta arriskuak izan leikezan azaldu dau Lau Haizetara irratsaioan. Txurrukak nabarmendu dauanez, aldizkako baraualdia ez da bakarrik dieta bat, batzuk bizitzeko modu lez ikusten daben praktika bat be bada.
Aldizkako baraualdia hainbat modutan egin daiteke, denbora-tarteen arabera banatuta. Ezagunenetako batzuk “16/8” (16 orduko baraualdia eta 8 ordu elikagaiak hartzeko) edo “20/4” ereduak dira. Ganera, astean egun batzuetan barau egitea edo denbora-tarte jakinetan kaloriarik ez hartzea be praktiketan da.
Onurei jagokenez, Txurrukak adierazi dau aldizkako baraualdiak pisua galtzen lagundu leikela eta osasunean hainbat hobekuntza ekarri leikezala: berbarako, diabetesa eta kolesterola kontrolpean izatea, sistema inmunologikoa indartzea eta autofagia prozesua estimulatzea. Ganera, estresaren kudeaketan eta funtzino kognitiboetan be onuragarriak izan daiteke.
Halanda be, aldizkako baraualdia ez da pertsona guztientzat egokia, eta arrisku batzuk izan leikez: hipogluzemia, buruko minak, lo arazoak edota elikadura desorekak. Txurrukak argi itxi dau aldizkako baraualdia hasi aurretik, aditu baten gomendioa bilatzea ezinbestekoa dala, batez be osasun-arazo kronikoak daukiezan pertsonentzat.
Sara Txurrukak azpimarratu deusku aldizkako baraualdia ez dala pisua galtzeko “mirarizko dieta bat”, eta garrantzitsua dala norberaren bizimodura eta beharretara egokitzea.