Pisua galtzea helburu daben metodoen artean aldizkako barauak zeresan handia emon dau azken urteetan. Jatorduak eguneko ordu gitxi batzuetan egitea eta besteetan ez jatea oinarrian daukan metodoak indar handia lortu dau gure gizartean. Hainbat pertsona famatuk elikatze errutina horren ustezko onurak goraipatu dabez eta pisua galtzeko metodo eraginkor moduan aurkeztu dabe.
Baina, zer esaten dabe ebidentzia zientifikoek? Aldizkako barauaren inguruan aipatutako onurek oinarri zientifikorik badaukie? Epe luzean jarraitu leiteken obesitatearen tratamendu eraginkorra al da? Gizakien metabolismoa eguneko ordu batzuetan jateko disenaturik dago, baina aktibidade orduak luzatu dituan gure bizi erritmoak hori gatxago egiten dau, batez bere kontuan izanda elikagaiak kontsumitzeko denbora tartea 12 ordu baino gehiagokoa dala. Gai honen inguruan berba egin dau Idoia Labayen Goñi Biologia Zientzietan doktore, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko irakasle eta ELIKOS ikerketa taldeko buruak. Labayenek hitzaldia eskeiniko dau Bilboko Bidebarrieta Liburutegian ekainaren 14an , arratsaldeko 19:00etan. Gaur aurrerapena egin deusku Lau Haizetara saioan.