Euskal Herriko sorginkeriaren historia eta Durangoko hereseak nabarmentzen dira

'Mapas del tesoro. Brujas, herejes y otras musas' liburua kaleratu dau durangarrak

Ander Berrojalbiz: “Ikertzen, idazten baino gustorago nabil”

Ander Berrojalbiz / Ander Berrojalbiz

Euskal Herriko sorginkeriaren historia eta Durangoko hereseak nabarmentzen dira Ander Berrojalbizen liburu barrian. Mapas del tesoro. Brujas, herejes y otras musas izena jarri deutso durangarrak bere lan barriari. Ander Berrojalbiz irakaslea da Durangoko Bartolome Ertzilla kontserbatorioan. Musikaria be bada, biolina joten dau Kanthoria taldean eta ikertzailea be bai. Honakoa ez da sorginetaz edo herejeetaz idatzi dauan lehenengo lana. Ikertzen denbora asko emoten dau. Idazten baino ikertzen gehiago gozatzen dauala esan deusku. Azkenengo liburua argitaratu ebanean, aurkikuntza batzuk egin ebazala kontau deusku eta honeen barri emotea erabagi ebala. Era horretara etorri da aipatutako lana. El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratutako liburua artikulu laburrez osotutakoa da. Euren artean logika bat dagoala esan deusku egileak.

Aurkikuntzak

Ander Berrojalbizek aurkitutako datuen artean aipatu daiteke 1507. urteko sorgin-erretze ospetsua Oñatin gertatu zala. Herri honetako agintariak izan ziran egileak. Leitekeena da, hau, Espainiako Inkisizinoaren lehen sorgin-ehiza handiena izatea. 30 emakume baino gehiago hil ebezala aipatzen da. Durangoko XV. mendeko hereseen ganean egindako aurkikuntzak be aipatzen dira artikuluetan. 1430eko hamarkadaren amaieran Durangon eta inguruetan heresia hedatu eben frantziskotarren aurretiazko ibileren barri emoten dau adibidez. Bestalde, Nafarroan sorgin-ehizaren dokumentuen ganeko isiltasunaren erabilera ideologikoari egiten deutson kritikea be nabarmentzen da. Durangon, atzo aurkeztu eban hirugarrenez bere lana Ander Berrojalbizek. Oñatin eta Iruñean be izan da eta asmoa bagilean, Aragoin aurkeztea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00