Euskadin 15 mila erizain dagoz, horreetatik 8 mila Osakidetzan

"Osakidetzako lan baldintza eskasen ondorioz erizain askok sare pribadua aukeratzen dabe" salatu dau SATSE sindikatuak

Amaia Mayor: “Osakidetza hobetzeko benetako negoziazinoa behar da”

Amaia Mayor (SATSE sindikatua) / Bizkaia Irratia

Osakidetzak profesionalei emoten deutsen tratua txarra da Amaia Mayor SATSE sindikatuko ordezkariaren eritxian. Gaur egun Euskadin 15 mila erizain dagoz eta erizain horreetatik, zortzi mila Osakidetzan dagoz. “Sare publikoan lan baldintzak eskasak dira, prekariedade handia dago, horregaitik dagoz erizain gehienak sare publikotik kanpo” esan dau gaur Amaia Mayorrek (SATSE-Euskadi) Goizeko Izarretan irratsaioan.

Osakidetzan hobekuntzak proposatzeko, hauteskunde kanpainan, alderdi politiko batzuk eurakaz harremanetan jarri dirala baieztau deusku Amaia Mayorrek. “Lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da, negoziazinoa bultzatu behar dogu, azken urteetan Osakidetzak tamalez negoziazinoa baztertu dau. Gauza asko hobetu behar dira: ordutegiak, lan baimenak, ordainsariak, lan eskaintza publikoak…” azaldu dau SATSE sindikatuak.

Apirilaren 28a lan segurtasunaren eta osasunaren mundu mailako eguna izango da. “Ospitale batzutan erizainek tenperatura altuak jasaten dabez. Beste batzutan hotza. Basurtuko Ospitaleko erditzeen gunean oso tenperatura altuak jasan dabez orain dala aste gitxi eta zuzendaritzak ez dau neurririk hartu. Santa Marinan, kontrakoa, hotz handia jasan dabe baina kasu honetan bai langileen artean jertse lodiak banandu dabez” azaldu dau Mayorrek. Erizainek jasaten dabezan beste lan arrisku batzuk pazienteek eragindako erasoetan kokatu dauz SATSE sindikatuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular