130 gaztek eta ia 650 kilometrok osotu dabe EuskarAbenturaren zortzigarren espedizinoa. Hilabetez Euskal Herria oinez zeharkatu ostean, Getxon amaitu da aurtengo ibilbidea. Antolatzaileek nabarmendu dabe helburu nagusia bete dala: gazteen artean euskerazko harreman sareak sortzea eta hizkuntza-ohituretan benetako aldaketak eragitea.
Haizea Solagurenbeaskoa EuskarAbenturako komunikazino arduradunak Bizkaia Irratian azaldu dauenez, uda beroak antolakuntzan moldaketak egitera behartu badauz be, espedizinoa normaltasunez garatu da. Gainera, gazteen balorazinoek erakutsi dabe esperientziak eragina izan dauela euskerearen erabilerean eta eguneroko hizkuntza-ohituretan.
Aurten, lehenengoz, Sakana eta Ondarroa bisitatu dauz EuskarAbenturak. Solagurenbeaskoaren esanetan, horrek gazteei Euskal Herriko errealidade soziolinguistiko desbardinak bertatik bertara ezagutzeko aukera emon deutse, eta euskeraren inguruko kontzientzia sendotzen lagundu dau. Era berean, nabarmendu dau egitasmoak aurrera egiteko erakunde eta babesleen laguntza ezinbestekoa dala.
