Enkarterriko sutea kontrolpean dago eta ez da gehiagoa hedatuko. Hori bai, foku batzuk amatau barik jarraitzen dabe. Gaur gabaz izandako haizeteek ez dabe itzaltze lanetan bapebe lagundu baina lanean jardun daben ehun suhiltzaile ingururi eta dozenaka boluntariori esker batzuk amatatzea lortu dabe. Artziniegako San Antonio auzokoa, Balmasedako La Tejerakoa eta Zallako La Herrerakoa itzalita dagoz, azken honetatik, suhiltzaileek gaur goizaldeko 05:00etan alde egin dabe. Gar txiki batzukaz piztuta jarraitzen dabenen artean buruko minik handiena Zallako Malabrigo auzokoa dala esan deusku Karlos Uriagerekak BFAko Mendi Zerbitzuetako buruak.
Kalte materialak eta sutearen jatorria
Atzo goizean piztu ziran suteen garrak laster hedatu ziran eta baserri bi kiskali ziran. Segurtasunagaitik 12 familia inguru euren etxeetatik atara behar izan dabez eta gaba euren etxetik kanpo pasau dabe. Momentuz kalteak neurtzeko goiz da baina Balmaseda eta Zalla inguruko hainbat hektarea kiskali dirala aurreratu geinke, urigunetik gertu dagozan lur eremu batzuk tarteko. BFAtik atzo bertan esan eben hondino goiz dala sutea nahita eraginda ala ez izan zan argitzeko. Balmaseda eta Zallako udaltzainak eta Ertzaintza bera horretan dabilz buru-belarri.
Ezkerraldean eta Uribe Kostan zabaldutako ke-hodeia
Bestalde atzo Enkarterriko suteek eragindako hodei gris erraldoiak Ezkerralde eta Uribe Kosta osoa tapau ebazan.
Errontegi zubitik itsasorainoko alde bietan Barakaldon, Sestaon, Santurtzin, Portugaleten, Getxon, Leioan, Sopelan eta Erandion egoerea oso deserosoa izan zan. Lantzean behin begietan azkurea eta arnasterakoan ke usaina
non-nahi.