120 kilometro orduko haizeteen ondorioz atzo Enkarterriko sutean ezin izan eben ur-hegazkinik erabili

Karlos Uriagereka (BFAko Mendiz Zerbitzuetarako burua): "Enkarterriko sutearen foku gehienak itzalita dagoz, sutea ez da gehiago zabalduko"

“Amatetan gatxena Zallako Malabrigo auzoko sutea izaten dabil”

Karlos Uriagereka BFAko Mendi Zerbitzuetako burua artxiboko irudi baten / Bizkaiko Foru Aldundia

Enkarterriko sutea kontrolpean dago eta ez da gehiagoa hedatuko. Hori bai, foku batzuk amatau barik jarraitzen dabe. Gaur gabaz izandako haizeteek ez dabe itzaltze lanetan bapebe lagundu baina lanean jardun daben ehun suhiltzaile ingururi eta dozenaka boluntariori esker batzuk amatatzea lortu dabe. Artziniegako San Antonio auzokoa, Balmasedako La Tejerakoa eta Zallako La Herrerakoa itzalita dagoz, azken honetatik, suhiltzaileek gaur goizaldeko 05:00etan alde egin dabe. Gar txiki batzukaz piztuta jarraitzen dabenen artean buruko minik handiena Zallako Malabrigo auzokoa dala esan deusku Karlos Uriagerekak BFAko Mendi Zerbitzuetako buruak.

Kalte materialak eta sutearen jatorria

Atzo goizean piztu ziran suteen garrak laster hedatu ziran eta baserri bi kiskali ziran. Segurtasunagaitik 12 familia inguru euren etxeetatik atara behar izan dabez eta gaba euren etxetik kanpo pasau dabe. Momentuz kalteak neurtzeko goiz da baina Balmaseda eta Zalla inguruko hainbat hektarea kiskali dirala aurreratu geinke, urigunetik gertu dagozan lur eremu batzuk tarteko. BFAtik atzo bertan esan eben hondino goiz dala sutea nahita eraginda ala ez izan zan argitzeko. Balmaseda eta Zallako udaltzainak eta Ertzaintza bera horretan dabilz buru-belarri.

Ezkerraldean eta Uribe Kostan zabaldutako ke-hodeia

Bestalde atzo Enkarterriko suteek eragindako hodei gris erraldoiak Ezkerralde eta Uribe Kosta osoa tapau ebazan.
Errontegi zubitik itsasorainoko alde bietan Barakaldon, Sestaon, Santurtzin, Portugaleten, Getxon, Leioan, Sopelan eta Erandion egoerea oso deserosoa izan zan. Lantzean behin begietan azkurea eta arnasterakoan ke usaina
non-nahi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular