Bizkaian batera eta bestera dabil Bizkaiko Foru Barriaren bosgarren mendeurreneko erakusketea. Testu juridiko horren balioa eta gaurkotasuna erakusten ditu. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak bere garrantzia nabarmendu deusku Goizeko Izarretan irratsaioan: “Bizkaiko Foru Barria testu juridiko bat baino askoz gehiago da. Akordioan, ordezkaritzan eta norbanakoaren eta taldearen askatasunean oinarritutako kultura politikoa ezarten dau. Geure autogobernuaren sustraia Foru Barrian dago”.
Esan dogunez, erakusketa ibiltaria martxan dago. Autogobernuaren mugarrietatik ibilbidea egiten daben gaikako hamar panelen bidez antolatzen da erakusketa ibiltaria. Otaduik esan deuskunez, herritarrengana “hurreratzea” da helburua: “Erakusketea Balmasedan, Bermeon, Portugaleten edo Galdakaon egon da dagoeneko; garagarrilean, Durangon izango da”.
Turismo zergea
Bizkaiko Batzar Nagusiak bizkaitarron bizimodua hobetzen ahalegintzen dira. Horretarako, hainbat neurri aztertu eta hartzen dira. Esaterako, tasa turistikoa onartu eben pasa dan astean Bizkaiko Batzar Nagusiek. Hemendik aurrera, udalen ardurea izango da martxan jartea: “Udalek ezarri beharko dabe tasea orain. Azken finean, Bizkaiko udalerri bakotxak bere intensidade turistikoa dauka”.
Amaitzeko, Otaduik kontau deusku Gernikako Arbolaren kimuak han hor hemenka landatzen dirala: “Ia 500 landaketa egin dira dagoeneko, bost kontinenteetan zehar. Horren harira, Deustuko Unibersidadeak 140 urte beteko ditu aurton eta Gernikako Arbolaren landara bat eskatu deusku ospatzeko“. Aitatutakoaz aparte, Garaiko eta Urdulizko Udalen eskakizunak be jaso dabez.
