Zortziko zein hamarreko txikian eta ganbarako ariketan puntuazino altuena jaso eban

479 puntu lortu ebazan gernikarrak domekako kanporaketan

Ander Elortegi: “Eroso egon ez arren lanerako gogotsu aritu zan Amillategi”

Ibai Amillategi / Bizkaia Irratia

Gernika-Lumoko Lizeo antzokian jokatu zan domekan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketea. Ibai Amillategik irabazi eban 479 puntu lortuz. Gogoratu egingo dogu beragaz batera, Arkaitz Zipitria, Bittor Altube, Iker Garitagoitia, Julen Ibarguengoitia eta Mikel Retolaza aritu zirela bertan. Itxaro Juaristi izan zan gai-jartzailea eta epaileak barriz, Ainhoa Arregi, Beñat Romero, Garazi Mendoza, Graxi Arregi, Iñaki Aurrekoetxea eta Mirari Azula izan ziran. Idazkaria azkenik, Itziar Basterretxea izan zan Gernikan.

479 puntugaz finalaurrekora

Ibai Amillategik 479 puntu lortu ebazan domekan eta kanporaketa bi eginda, bera da momentuz puntu gehien daukana. Finalaurrekoetara sailkatu da gernikarra. Zemendiaren 25ean Lemoan jokatuko dan finalaurrekoan arituko da besteak beste, Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabalegaz. Amillategi, bikain aritu zala esan deusku Ander Elortegik. Zortziko zein hamarreko txikian puntuazinorik altuena lortu eban eta ganbarako ariketan beste horrenbeste. Eroso egon ez arren, lanerako gogotsu ikusi eban Elortegik Amillategi. Gernikako saioan aritu ziran gainontzekoei begira, bigarren geratu zan Bittor Altube, 472,5 puntugaz eta hirugarren bitartean Mikel Retolaza geratu zan 455 puntugaz.

Hurrengoa Arrigorriagan

Arrigorriagan izango da hurrengo kanporaketea domeka honetan. Iker Uriarte, Lurdes Ondaro, Josune Aramendi, Iruri Altzerreka, Inazio Vidal eta Garikoitz Sarriugarte arituko dira Lonbo aretoan arratsaldeko bostetan. Gogoratu egingo dogu, saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko dala finalaurrekoetara eta besteek puntuazinoaren arabera eukiko dabela horretarako aukerea. Arrigorriagako saiorako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus atarian dagoz salgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular