Ander Erzilla musikari durangarrak lan barria dakar: Durundi. Ekuru (2020) eta Sustraiak adarretan (2022) diskoen ostean, Ander Erzilla da barriro be bere ahotsagaz eta saxofoiagaz hirugarren lan honetako burua. Ander Garcia (kontrabaxua), Dani Artetxe (gitarra) eta Rakel Arbeloa (bateria) musikariek parte hartu dabe. Anderrek bere alabak, Izaro (ahotsa), Jone (tronpeta) eta Matxalen (biolontxeloa) be alboan izan dauz proiektu honetan. “Aita moduan ilusinoa egiten deust, baina ez bakarrik alabak diralako, badaukie nortasuna hor egoteko” azaldu deusku Ander Erzillak.
Durundi diskoak Elena Olave eta Luigi Anselmi bizkaitarren poemakaz ondutako lau abesti biltzen dauz. Erzillak kontau deuskunez, “Luigi Anselmiren ‘Estoy ya tan cansada’ poema zuzenekoetan eskaintzen gendun eta baneukan gogoa hori grabatzeko. Atxakia horrekin estudiora joan naz kantu hori grabetan, Elena Olaveren poemakaz osotutako beste hiru kantugaz batera. Diskoa atara barri danez, bakarrik inguruko jentearen eretxia daukat, eta gustau jake”.
Ander Erzilla txikitatik hasi zan musika munduan. Sei urtegaz hasi zan solfeoa ikasten, eta laster hasi zan pianoan espezializatzen. Herri musikeagaz be txikitatik izan eban hartuemona, txistulariakaz dultzainea eta danborra joz. Mende laurdena baino gehiago daroa klaseak emoten Durangoko Bartolome Ertzilla kontserbatorioan.