Adimen artifizialaren arriskuen inguruko eztabaidea pil-pilean dago azken boladan. Orain dala aste batzuk, Anthropic enpresako ikertzaile batek dimisinoa aurkeztu eta adimen artifizialak gizateriagaz amaitu ahal dauala ohartarazo eban. Hori dala eta, Borja Calvo EHUko irakasle eta Informatika Fakultadeko dekanordeagaz egin dogu berba gaur Bizkaia Irratiko sintonian, adimen artifizialaren ganean gehiago ikasteko asmoz.
Hasteko, Calvok esan deusku aspaldiko kontua dala adimen artifiziala: “Adimen artifiziala berba 1956an proposatu eben. Jakintza-arlo bat da izatez, askotan teknologia edo produktu lez ikusi arren”. Beraz, aspalditik existiduten da adimen artifiziala. Kontua da txatbotetan garapen handia egon dala azken urteetan, pandemia eta gero: “Adimen artifiziala oso kontzeptu zabala da, geure gizarteko toki askotan dagoana aspalditik. Pandemia hasi aurretik, txatbot moduan ezagutzen doguzan ereduak garatzen hasi ziran. Txatbotek kristoren hazkundea euki dabe”.
Arrisku posibleei jagokenez, Calvok dino ezin dala jakin gizakiak adimen artifizialaren ganeko kontrola galduko dauan ala ez, eta beste esparru batzuekaz konparau dau: “Kontrola teknologia askotan galdu ahal dogu, erabagiak hartzen diranean askotan galtzen dalako kontrola. Esaterako, biologian gertatu da, espezie bat beste ekosistema batera eroan danean. Sistema konplexu baten erabagi bat hartzen dogunean, ez dakigu ondorio guztiak zeintzuk izango diran”. Bitartean, adimen artifizialaren ganeko erregularizazino posible baten inguruan hausnartu dau adituak: “Erabilerea erregulau baino, teknologia garatzerakoan egon behar da kontrola. Horretarako, legeria existitu behar da eta Europan badago. Beraz, exijentzia maila garatzaileentzat izan behar da gehienbat”.
