Bihar, irailaren 5ean, ospatuko dabe Antzar Eguna Lekeition. Horren harira, eta Sanantolinak martitzenetik martxan dagozala aprobetxauta, Lekeitiora osterea egin dogu gaur Bizkaia Irratian. Ander Aldazabal Lekeitioko alkatearen eskutik, gai desbardinak jorratu doguz: Antzar jaia, turismoa, aparkalekuak, etab.
Antzar jaiari jagokonez, arratsaldeko 16:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da. Ordu horretan, 19:00etan, azkenengo potina pasauko da, eta ondoren masta-puntakoa. Jaiak iraungo dauan hiru orduetan ahalik eta txaluparik gehienak parte hartzeko, hainbat neurri hartuko dira: portuan baliza bi jarriko dira (bata, itxarotekoa; eta bestea, urteerakoa) eta urteerako balizatik antzarreraino joateko denpora jakina emongo da, minutu bat eta hamabost segundu. Ganera, jaietako batzordeak aparteko ahalegina egingo dau, antzarrak ahalik eta arinen ipinteko sokan.
Bestalde, turismoari jagokonez, alkateak esan deusku jentetza egon dala herrian aurtengo udan. Ganera, turista asko Frantziatik etorritakoak dira, baina alemaniarrek eta ingelesek be presentzia dauke. Azken urteetan lez, Ignazio Loiolakoaren astegoienaren bueltan batu da jentetzarik nabarmenena Lekeition. Bestalde, azkenaldian gorabeherak egon dira aparkaleku sistemagaz. Alkateak hartutako neurriak defendatu ditu eta lekeitiarren ongizatean oinarritzen dirala gogorarazo deusku.
