
Apirilaren 21etik 26ra bitartean egingo da aurten ADEL, ArteDrama Euskal Laborategiaren hogeigarren edizinoa. Pazko astean, euskerazko arte eszenikoen topagunea bihurtuko da Aulesti. Antzerkigintzan dabiltzanen arteko eztabaidak, jakintza eta alkartrukea sustatuko dira aurten be. Ander Lipus aktore, zuzendari eta topaketa honeen bultzatzaileak gogoratu deuskunez, formakuntzea da helburua, euskerazko formakuntzea.
6 tailer eta 16 ikasle
Hamasei ikasle izango dira aurten Aulestin. Danetarik dago tartean, hasi barriak eta profesionalak. Gehienak emakumeak dira. Aurten, sei tailer izango dira. Artedramatik, dagozan proiektuak hartzen dabez kontuan tailerrak eta irakasleak aukeratzeko orduan. Mikele Urrozek Ekintza, aktoreon giltza tailerra eskeiniko dau, Metrokoadroka taldeko Ainhoa Alberdik, Jabier Barandiaranek eta Oier Guillanek Pizgailua, dokumentua gorputzaren detonante gisa, Garazi Etxaburuk Gorputza eta mugimendua eskeiniko dau, Dejabu taldeak Antzerki zinematua, Aitzol Iraolak Arrotzaren edertasuna eta Ander Lipusek Labirintoan jolasean. Aulestiko ADEL topaketan, tailerrez gain, antzerkia ikusteko aukerea be eskaintzen da. Datozen egunetan jakingo da ze lan ikusi ahal izango dan aurten.