Sabino Arana Fundazioan sartu gara gaur Bizkaia Irratian, Arantxa Tapia presidentearen eskutik. Zemendian hartu eban kargua Tapiak. Orain arteko balorazinoa positiboa da: “Sabino Arana Fundazioak badauka bere ibilbidea eta horrek laguntzen dau hasieran. Orain, gauza batzuk barritu gura doguz. Hausnarketa bat martxan jarteko prest nago“. Ezagutzen ez dauenarentzat, Sabino Arana Fundazioak dituan zatiak zeintzuk diran azaldu deusku Tapiak: “Fundazioa EAJri lotuta dago. Lau ildo ditu: Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Historiaren Institutua, Hermes Aldizkaria eta antolatzen doguzan berbaldiak eta mintegiak”.
Sabino Arana Fundaziora salto egin aurretik, Eusko Jaurlaritzako sailburu izan zan Tapia. Horren harira, Pradales lehendakariaren gobernuak atzo egin eban agintaldi erdiko balantzea. Tapiak uste dau lan ona egiten dabilela egungo Eusko Jaurlaritza: “Ondo dabil. Eusko Jaurlaritzak beti ditu gai korapilatsuak jorratzeke. Halanda be, Eusko Jaurlaritzak beti asmatu dau egoera gatxei aurre egiten. Kanpotik nasaitasunez ikusten dot, erabagiak ez dagozalako neure esku“. Horren harira, Euskadin dagoan “egonkortasuna” azpimarratu dau sailburu ohiak.
Bestalde, Sabino Arana Fundaziotik sarri sustatu dira euskerearen inguruko hausnarketaldiak. Askotan egoten da erdigunean, txarrerako, esaterako orain USaP azterketaren euskera emaitzekaz. Euskeraren egoeraren ganean hausnartu dau Tapiak: “Irakurketa eta ulermen mailak jaitsi dira hizkuntza guztietan. Horrek eragina eukiko eban Unibertsitatera Sartzeko Probaren euskerazko azterketan egondako notetan“.
