Otxandioko Oreka energia-komunidadea martxan dago, herriko trantsizino energetikoa bultzatzeko helburuagaz. Urtebeteko lanaren ostean, eta herriko eskolearen eta frontoiaren teilatuetan jarritako instalazino fotovoltaikoaren bidez, energia barriztagarria sortzen hasi dira. Komunidadeko bazkideek dagoeneko igarri dabe fakturetan dakarren aurrezpena. Aritz Otxandiano Orekako errektore-kontseiluko presidenteak Bizkaia Irratian esan dauanez, proiektuaren bokazinoa Otxandioko herritar guztiei energia propioa sortu eta kontsumitzeko aukerea eskaintzea da.
Oreka kooperatiba moduan eratu dabe. Momentu honetan 80 herritar bazkide kontsumitzaile dira, eta Otxandioko Udala eta 11Lore alkartea bazkide laguntzaileak dira. Horrez gain, Ekitermik kooperatiba txikiak energia arloko aholkularitza eskaintzen detuse bazkideei, euren etxebizitzetako energia-eraginkortasuna hobetzeko edo instalazinoak egokitzeko.
Mainondoko eskolaren eta frontoiaren teilatuetan jarritako instalazinoak 120 kilowatteko potentzia dauka, eta energia metatzeko bateria-sistema bat be badauka. Sortutako argindarra komunidadeko kontsumitzaileen artean banatzen dabe, autokontsumo partekatuaren bidez.
Orekaren asmoa Otxandioko herritar guztiei proiektuan parte hartzeko aukerea eskaintzea da. Gaur egungo instalazinoak beste hogei etxebizitza ingururi energia eskaintzeko gaitasuna dauka. Herritarren interesa handiagoa balitz, bigarren instalazino bat egiteko aukerea aztertuko leukie. Horretarako, abenduan informazino-saio barri bat antolatzea aurreikusten dabe, hondino energia-komunidadea ezagutzen ez daben herritarrei egitasmoaren ezaugarriak eta bazkide egiteko aukerak azaltzeko. Interesa daikienek, Orekaren webgunearen bitartez jarri daitekez erakundeagaz hartuemonetan.
