"Birus nimiño batek ia urtero hankaz gora jarten dau gure osasun sistema" azpimarratu dau Mikel Bazak

Mikel Baza medikuagaz jatorri birikoa daukien gaixotasun honeetaz egin dogu berba

Arnas infekzino akutuak eta gripea, hemendik aurrerako protagonistak

Arnas infekzino akutuak eta gripea izango doguz berbagai Mikel Baza Osakidetzako Familia medikuagaz. Zeberioko kontsultategiko eta Arrigorriagako lehen mailako arreta unidadeko medikua da bera. Eta baita Osatzen alkarteko kidea be.

Mikel Bazak azaldu deuskunez, hemendik aurrera arnas infekzino akutuak eta gripea gure egunerokotasunaren parte bihurtuko dira. “Hasi gara azken asteetan gero eta kontsulta gehiago izaten katarro, arnas infekzinoen inguruan. Birus nimiño batek ia urtero hankaz gora jartzen dau gure osasun sistema” azpimarratu deusku Bazak.

Hainbat birus desbardinek mokoak, buruko mina, eztula, eztarriko mina… eragiten dabez eta horreek arnas infekzino akutuen barruan sartzen dira. Gripea be hortxe sartu leiteke, baina Mikel Bazak azaldu deuskunez, sindrome gripalak badaukaz beste ezaugarri batzuk, batez be, kalentura altua eta giharretako mina.

Normalean birus honeek eragindako infekzinoak onberak izaten dira eta gaixoak berez sendatzen dira epe laburrean. “Bai gomendatzen dogu sukar altua edo sintoma ez-atsegin hauek apur bat arintzeko, analgesikoak hartzea. Baina kasu batzutan konplikazinoak agertu daitekez: otitisa, bronkitisa, neumonia… Konplikazinoaren susmoa egon daitekenean, bai kontsultatu behar da” esan deusku Mikel Bazak. Atsedena hartzea be aholkatu deusku. “Atsedena hartzearena garrantzitsua da, bai norberarentzat bai besteentzat; gripearen transmisinoan garrantzitsua da eskuen garbiketea, eztula egiten dogunean besaurrea jartzea, baina baita gaixo gagozanean etxean geratzea be”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00