Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dauan Arrantzaleen Museoak bere 75. urteurrena ospatuko dau abuztuaren 18an, euskal arrantzaleen bizitzea eta ohiturak erakusteko helburuarekin jaio zan erreferentziazko museo bihurtuz. Abuztuaren 18an, eguerdian, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak dantza erakustaldia eskainiko dau eta museoko erakusketa iraunkorrera bisita gidatua eskainiko da. “Itsasoa laino dago” ikuskizunak eta urteurreneko ekitaldietarako bereziki diseinatutako eraikinaren gaueko argiztapenak osotuko dabe abuztuaren 18ko programazinoa, kultura-ekipamendu horren 75 urteak ospatzeko. Gainera, astegoienean museoko sarrerea doakoa izango da.
Arrantzaleen Museoak milioi bat bisitari inguru izan dauz 75 urteetan, eta hainbat ekitaldi izan dauz. 2022an bakarrik 250 bisita gidatu egin ziran, 50 ekitaldi baino gehiago haurrentzako tailerretan, hitzaldietan, aurkezpenetan eta kontzertuetan banatuta, eta erakusketa bi antolatu ziran.
Museoa 75 urte honeetan
75 urte hauetan, Bizkaiko Foru Aldundiak museoaren sorkuntza eta eraldaketa sustatu dau. 1948an, Foru Erakundeak Ercilla dorrea erosi eban, eta erabarritu ondoren, gaur egun Arrantzaleen Museoa dana bihurtu eban. Museo horrek gure herriarentzat hain garrantzitsua dan arrantzaren lanbidearen bizitza, ohitura, gremio, ontzi eta tekniken kontakizuna bildu, kontserbatu eta zabaltzen dau. Euzkadiko Itsas Armada Laguntzailearen historia be ezagutarazoten dau, bertako gune nagusia euskal arrantzaleek osatu baiteben. Geroago, 2012an, eraikinaren erabarritze integrala egin zan, Aldundiak aberastasun ekonomiko eta kulturala sustatzen daben eta udalerrien garapen iraunkorra ahalbidetzen daben museo txikiei emondako laguntzea nabarmenduz.
75. urteurrena ospatzeko egitaraua
75. urteurrena ospatzeko ekitaldiak abuztuaren 18an izango dira, eta itsasoa, dantza tradizionala, antzerkia, musika eta historia buztartuko dabezan jarduerak izango dira. Jardunaldia 12:00etan hasiko da, Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik, Bermeoko Torrontero plazan. Ondoren, erakusketa iraunkorrera bisita gidatua egingo da. Gainera, 20: 00etan, Soinuak Haizean taldearen eskutik, publikoak “Itsasoa laino dago” ikuskizunaz gozatu ahal izango dau. Gauean Ercilla Dorrearen aurrealdea argiztatuko da. Astegoien osoan, ganera, museoko sarrerea doakoa izango da.
Urtean zehar, Arrantzaleen Museoak programazino zabala antolatu dau urteurrena ospatzeko: hitzaldi zikloa, erakusketak, ikuskizunak eta haurrentzako tailerrak, besteak beste.
Lau Haizetara saioan Aixa Gaztelu museoko zuzendariagaz 75.urteurrenaz egin dogu berba.