Zoriontasuna eta 80ko hamarkadako giroa ardatz, saritutako proiektuetan

Karmele Mitxelena eta Goio Ramos dira irabazleak

Augustin Zubikarai saria, ex-aequo aurten

Karmele Mitxelena eta Goio Ramos, Augustin Zubikarai sarien aurtengo irabazleak, hasita dagoz lanean.
Lau Haizetara irratsaioan egin dogu berba idazle biakaz. Karmele Mitxelena oiartzuarrak “Zoriontasuna, edo antzerko zerbait” proiektua aurkeztu eban eta Goio Ramos basauriarrak “London Calling” proiektua. Guztira, aurten, 32 lan aurkeztu dira Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen daben Augustin Zubikarai lehiaketara. Epaimahaian, Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Ana Urkiza dagoz. Honeek esan dabenez, maila altuko lanak aurkeztu dira eta azkenik, ex- aequo emon da, 8000 euroak Mitxelena eta Ramosen artean banatuz. Dirua jasotzeaz gain, hemendik urtebetera, euren lanak argitaratuko dira. Pozik jaso dabe biek saria. Ramosek azaldu dauanez bertigo apur bat be emoten dau, kontuan hartuta, orain arte, saria irabazitakoek zelango lanak aurkeztu dabezan.

Zoriontasuna eta 80ko hamarkada

Irakasleak dira biak. Karmele Mitxelenarentzat honakoa ez da lehenengo saria. Peru Abarka saria jaso eban “Erakusleihoan” lanagaz, Mikel Zarate saria “Marrubizko Uda” haur kontakizunagaz eta Donostia Hiria saria “Haragizko mamuak” ipuin bildumagaz. Sariak jasotzeak idaztera behartzen deutsola azaldu deusku. Goio Ramosek haurrentzako kontakizun bi daukaz argitaratuta eta helduentzat hainbat ipuin. Haur zein helduentzat idazten gustora dabilela esan deusku. Irakurleari pentsarazi nahi deutsola gaineratu dau. Karmele Mitxelenaren elaberrian, Maria izango da protagonistea. Alargun geratu barri da eta zoriontasunaren bila joko dau. Goio Ramosen kasuan, The Clash taldearen “London Calling” diskoa eta kantuaren izena eroango dau elaberriak. Musikea eta literaturea, bere pasinoak dirala aipatu deusku eta honeek izango dira ardatz. Memoria kulturalaren beharrizana azpimarratu dau. Idazle biek urtebeteko epea daukie orain lanak idazteko. Datorren urteko Literatur Amuak jaialdian, Ondarroan aurkeztuko dira lan biak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular