Bildutako diru guztia Ausarta Zentroa proiektura bideratuko da

Maiatzaren 10ean egingo da Leioan

Ausartak I. Martxa Solidarioa protagonista Ausarta Egunean

Igaz Lekeition ospatu zan Ausarta Eguna / Aspanovas

Maiatzaren 10ean Leioan Ausarta Eguna 2026 ospatuko da, Aspanovasek Leioako Udalagaz lankidetzan antolatutako jardunaldi solidarioa. Aurten lehenengoz egingo da Ausartak martxa solidarioa. Haurren minbiziaren errealidadea ikusarazoteko eta minbizia daukien adintxikikoen familiei babesa erakusteko helburuagaz sortu da martxa hau, herritarren parte-hartzea sustatuz, ikuspegi inklusibo, familiar eta ludiko batetik. Ausartak I. Martxa 11:00etan hasiko da eta 3,47 kilometroko ibilbidea izango dau. Zailtasun gitxiko ibilbidea da, edade eta sasoi fisiko guztietako pertsonek bat egin dagien pentsauta. 600 pertsona inguruk emon dabe izena martxan.

Maitane Rodriguez Aspanovaseko koomunikazino arduradunaren esanetan, holango ekimenek komunidadea aktibau eta parte-hartzea sustatzen dabe, eta minbiziaren errealidadea ikusgarri egiten dabe. Halanda be, gogorarazo dau alkartasuna ez dala egun bakarrekoa, eta urte osoan zehar be badagozala laguntzeko moduak. Gizartearen erantzunari jagokonez, Aspanovaseko komunikazino arduradunak uste dau gero eta kontzientzia handiagoa dagoala, baina hondino badagoela zer egin. “Holango gaiak ez dira beti errazak, baina beharrezkoa da horreei begiratzea”, azaldu dau. Aspanovaseko komunikazino arduraduna dan aldetik, Rodriguezek nabarmendu dau ez dala bakarrik informazinoa zabaltzea. Errealidade konplexu bat modu arduratsuan eta gertukoan kontatzea be bada. Minbizia daukien umeen eta euren familien egunerokoa gizarteratzea ezinbestekotzat jo dau, ikusgarritasunak laguntza eta ulermena handitzen daualako.

1989an sortu zanetik, Aspanovasek bilakaera handia izan dau. Hasierako beharrei erantzutetik, gaur egun arreta integralago bat eskaintzera igaro dira: laguntza psikologikoa, soziala eta hezitzailea, besteak beste. Zentzu horretan, Ausarta Zentroa proiektua mugarri garrantzitsua izango dala nabarmendu dau Rodriguezek, familiei arreta osoagoa eskaintzeko espazio lez. Leioako Ausarta Egunean bildutako dirua Ausarta Zentrora bideratuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00