Egoera zaurgarrian dagozan herritarrakaz lanean jarraitzen dabe

Kongregazinoa bost kontinenteetan dago, 220 kide inguru daukaz

Berrizko Mesedetako Misiolariek 100 urteko misino unibertsala ospatuko dabe

Kongregazinoko kide batek egindako misinoa / BIZKAIA IRRATIA

Berrizko Mesedetako Misiolariak mendeurrena ospatzeko prestetan dabilz. Irailaren 19an 100 urte beteko dira sei monja Berrizko klausurako komentutik urten eta Txinako Wuhu hirira abiatu ziranetik, Margarita Maria López de Maturanak bultzatutako misino unibersalari hasierea emonez. Lourdes Gorostola kongregazinoko koordinatzaile nagusiak azaldu dauenez, ordutik aldaketa handiak bizi izan dabez, baina lehen misinonari hareen espirituari eusten deutsie.

Lehenengo misino haretako urteak ez ziran errazak izan. Txinako gatazkak bizi izan ebezan, misinonarietako bi kartzelan be egon ziran eta azkenean herrialdetik kanporatu ebezan. Halandabe, Berrizen hasitako proiektua Japoniara, Mikronesiara eta, gerora, munduko beste hainbat herrialdetara zabaldu zan. Gaur egun kongregazinoa bost kontinenteetan dago, 220 kide inguru daukaz, eta Gorostolak nabarmendu dau batez be egoera zaurgarrian dagozan herritarrakaz lanean jarraitzen dabela.

Mendeurreneko ospakizunak irailaren 18an hasiko dira mahai-inguru bategaz, eta hilaren 19an meza nagusia egingo dabe Bilboko gotzainagaz. Ospakizunak datozen urte bietan luzatuko dira, “Mugak gaindituz, bizitza emoteko” goiburupean, eta 2028an Japonian amaitzea aurreikusten dabe.

Mendeurrenagaz batera, Berrizko komentuan kongregazinoaren historia jasoten dauan erakusketea be bisitadu leiteke. Argazki, bideo eta audiogiden bidez, Berrizen hasi eta bost kontinenteetara zabaldu dan 100 urteko ibilbidea ezagutzeko aukerea dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00