Planik Plan irratsaio barriaren bederatzigarren emonaldiari ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik Bizkaian egongo diran bertso saio bereziak, Gorka Urbizuren kontzertuak eta San Andres azokak nabarmendu doguz.
Barikua
Ipuin kontalariek protagonismo handia eukiko dabe bariku honetan geure lurraldean. Iurretako liburutegian Maite Frankok Bizarurdinak ipuina kontauko dau. Ganera, Barakaldoko Bazen Behin egitasmoaren barruan, hitzordu bikotxa eukiko dogu. Batetik, Amaia Puin izango da Etxe-etxetxo nor bizi da hor? obragaz. Bestetik, Iraitz Lizarragak Zaporedun ipuinak dalakoa eskainiko dau.
Zapatua
Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Goiz-goizetik egongo dira planak egiteke geure lurraldean. Esaterako, 12:00etan, Sala BBKn, ‘Ez da kasualitatea’ izeneko bertsolaritza ekitaldia ospatuko da. Ordu berean, bertso saio berezi bi ospatuko dira Bilbon eta Galdakaon. Musikari jagokonez, barikuan lez, Gorka Urbizuk kontzertua emongo dau Bermeoko Kafe Antzokian, gaueko 22:00etan.
Domeka
Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Esaterako, San Andres eta Sortzez Garbia azokea eroango da aurrera Gordexolan. Ekitaldi zehatzei jagokenez, goizeko 11:00etan, Muskizeko El Pobal burdinolan, bertso saio berezia eskainiko dau Iruri Altzerreka bertsolariak. Ganera, bertsolaritza be protagonista izango da Berrizen, Bakion, Gernika-Lumon, Balmasedan eta Arrietan.