Bilbon bertan hasiko da Binakako txapelketa nagusia. Datorren barikuan, hain zuzen be, Deportivoko pelotalekuan.
Zortzi bikote lehiatuko dira: Baikotik Artola-Albisu, Jaka-Mariezkurrena, Larrazabal-Iztueta, eta Laso-Landa; eta Aspetik, Altuna-Ezkurdia (barriro be Joseba Ezkurdiak atzelari lez jokatuko dau), Elordi-Zabaleta, Peio Etxeberria-Martija eta Zabala-Rezusta.
Hamalau partidu jokatuko dabez lehenengo ligatxoan, zazpi lehenengo itzulian eta beste zazpi bigarrenean. Ligatxo horretako lehenengo sailkatu biak final aurrekoetako ligatxoan sartuko dira, eta gero, hirugarrenak laugarrenaren aurka jokatuko dau eta bosgarrenak seigarrenaren aurka. Hirugarren eta laugarrenaren arteko partiduko irabazlea zuzenean sailkatuko da final aurrekoetarako, eta galtzaileak beste aukera bat eukiko da bosgarren eta seigarrenaren arteko partiduko irabazlearen aurka.
Datorren barikuan Bilbon Elordik eta Zabaletak Peio Etxeberria eta Martijaren aurka jokatuko dabe; zapatuan, Lizarran, Artola-Albisu eta Peña-Iztueta izango dira aurrez aurre -Larrazabalek ez dau jokatuko hondino ondo errekuperatu barik dagoalako giharretako arazo batetik-. Domekan Tolosan Jakak eta Mariezkurrenak Laso eta Landaren aurka jokatuko dabe, eta azkenik Altunak eta Ezkurdiak Zabala eta Rezustaren aurka astelehenean Eibarren. Altuna hirugarrenari ebakuntza egin deutsoe sudurrean eta baleiteke jokatzeko moduan ez egotea Eibarren astelehenean. Jokatzen ez badau, Dario Gomezek beteko leuke haren lekua.
