Bizipoza Jaia ospatuko dabe Berriatuan domekan. Jaia Bizipoza eta Helmugak alkarteek antolatuko dabe alkarregaz eta alkartasuna, euskerea eta inklusinoa izango ditu ardatz, Bizipozako Bizkaiko koordinatzailea dan Joanes Camarak esan deuskunez. Egun handia maiatzaren 24a izan arren, barikutik ekingo deutsie ospakizunari eta zapatuan be ez da egitasmorik faltako.
Dana dala, aspalditik dabil Bizipoza Jaia aztarna uzten Lea-Artibain. Izan be, azken hilabeteetan eskualdeko herri ezbardinetara hurreratu dira aurkezpenak egitera. Ganera, ikastetxez ikastetxe be ibili dira. Lehen hezkuntzako ikasle guztiekaz eta baita irakasleekaz egin da lanketa. Bigarren hezkuntzako zentroetan Aspanovas eta Aspanogiren sensibilizazino hitzaldiak be antolatu dabez. Batetik, Bizipoza zer dan azaldu eta jaira gonbidapena zabaldu da. Bestetik, Bizipoza Eskolaren webguneko material didaktikoak eta edukiak azaldu dabez.
Bizipoza Elkartea
Euskerea eta alkartasuna oinarri, Euskal Herriko 39 alkartek, bazkideek, bababesleek eta boluntarioek osotzen dabe Bizipoza Elkartea. Beharrizan bereziak dabezan haur eta familien alkarte honeek egunero lantzen dabezan gaiak eta baloreak gizarteratzea, sensibilizazino lana egitea eta eragitea da Bizipoza Elkartearen egitekoa. Danona eta danontzat izan beharko leukeen gizarte inklusiboa eregiten ari dira, euskeratik eta euskeraz.
