Gurean Zeurea. Vive lo que somos lelopean, Bizkaikoa erakundeak Bizkaiko museoen 2024. urteko programazinoa aurkeztu dau. 150 kultur jarduera baino gehiago, aldi baterako hamar erakusketa barri, zazpi programa berezi eta zazpi argitalpen barri izango dira aurten. Bizkaikoaren barruan gogoratu, sei museo, areto bi eta lau enklabe dagozala. Bizkaiko kultura eta ondarearen alderdi desbardinak modu atsegin eta erakargarrian ezagutaraztea da helburu nagusia. Asier Madarietak, Bizkaikoa erakundeko zuzendari gerenteak esan dauanez, eskaintza ezin anitzagoa eskeiniko da urtean zehar.
Urteurrenak
Aurten, Bakioko Txakolingunearen hamargarren urteurrena ospatuko da. El Pobaleko Burdinolak, barriz, 20 urte beteko dauz eta azkenik Nestor Basterretxearen jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatuko da urtean zehar. Txakolingunean, erakusketa erraldoia antolatzekotan dira. El Pobaleko Burdinolan, gogoratu, zapaturo makinaria guztia martxan jartzen dala bisitariek ikus daien. Erakusketa berezia antolatuko da urteurrenaren harira. Nestor Basterretxearen jaiotzaren ehungarren urteurrena dala-eta bitartean, laster jakinaraziko dabe zer egingo dan museoetan.
Omako Basoa
Iaz zabaldu zan Omako Basoa eta martxa ezin hobean doala esan deusku Asier Madarietak. Gogoratu behar, bisita libre eta bisita gidatuak egin daitekezala baina aurretik lekua hartu behar dala webgunearen bitartez. Askok bisitau dabe orain arte eta urte honetan zehar beste hainbat itxaroten dira. Santimamiñeko kobetan bisitea hartu dala konfirmatu behar da eta handik oinez doaz bisitariak basora. Ordubete irauten dauan bisitea izaten da. Aipatu behar bestalde, Bizkaiko Foru Jauregia bisitetako erea be badagoala. Atzerritarrak izaten dira ohiko bisitariak baina aspaldion gero eta gehiago dira ikastetxeetatik hurreratzen direnak. Bizkaikoa erakundearen barruan dagozan museo, areto eta enklabeen programazino osoagaz osotutako katalogoa www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean deskargatu daiteke.