Resurreccion Maria Azkueren heriotzaren 75. urteurreneko ekitaldiek aurrera jarraitzen dabe. Zemendiaren 9an bete ziran 75 urte Lekeitioko hizkuntzalaria hil zala. Egun horretatik dago ikusgai Euskal Museoan erakusketa berezia. Euskaltzaindiak egitarau zabala prestatu dau, Resurreccion Maria Azkue irakasle, musikari, apaiz, kazetari, intelektuak eta folkloristea gogoratzeko. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Lekeitioko Udala, Euskal Museoa eta Laboral Kutxa izan dabez ondoan zeregin horretan. Andres Urrutia Euskaltzainburuak gaur esan deuskunez, bere mezua, gaur egun be oso baliogarria da. Azkue lehen euskaltzainburua izan zan. Urrutiaren esanetan, Euskaltzaindiaren hauspoa eta arima izan zan.
Egitaraua
Andres Urrutiak Azkueren ganeko berbaldia eskeiniko dau abenduaren 19an Lekeition. Aurretik, bihar, Euskal Museoan, Bilbon, kontzertu berezia eskeiniko da. Azkueren Cancionero Popular Vasco edo Euskal Kantutegi Herrikoia oinarritzat hartuta, Bilboko Koral Alkartea eta Lekeitioko Abesbatzan dagozan gazteen sailek, Euskeria eta Kantakai koralek eskeiniko dabe. Urrutiak gogoratu dauanez, musikea izan zan Azkuren zaletasun handienetarikoa. Bihar Bilbon izango dan kontzertua, Lekeition be eskeiniko da abenduaren 19an. Aurretik, hil honen 21ean, Jabier Kaltzakortak eskeiniko dau berbaldia Lekeition; hilaren 27an, Euskaltzaindiak osoko bilkurea eukiko dau Euskal Museoan; Josu Zarateren kantaldia izango da Euskal Museoan; eta abenduan, Sabiño Madariagak eta Gotzon Loberak Sustraia aldizkariaren berrargitalpena aurkeztuko dabe Lekeition.
