Aitor Etxebarria eta Ana Perezek, Goizeko Izarretan saioan, etxebizitzaren arazoa izan dabe aste honetako tertuliako gai nagusietako bat. Hizlariek azken mobilizazioetan izandako parte-hartzea nabarmendu dabe, bereziki gazteena. Etxebizitza duina izateko eskubidearen aldeko aldarrikapenak gizartearen kezka nagusietako bat dirala azpimarratu dabe, eta pozgarritzat jo dabe sindikatu eta eragile desbardinek alkarregaz jardun izana.
Bestetik, etxebizitzaren merkatuaren inguruko eztabaida be izan dabe. Etxebizitza negozio bihurtu izana kritikau dabe, eta alokairuen prezioak kontroletako eta parke publikoaren aldeko neurriak hartzeko beharra aitatu dabe. Era bardinean, mobilizazinoen helburua arazoari berari urtenbidea emotea izan behar dala defendatu dabe, eztabaida interes politikoen gainetik kokatuz.
Azkenik, hauteskunde giroaz eta datozen kanpainez be egin dabe berba. Kanpaina gogorra eta tentsino handikoa izango dala aurreikusi dabe, eta kezka agertu dabe alderdien arteko lehia politikoan sortu leikezan erasoagaitik, baita adimen artifizialaren erabilera desegokiagaitik be. Horregaz batera, hautagaiek herritarrengana iristeko erabil leikezan formatu barriak be izan dabez hizpide.
