Lide Alvarez Chernobil alkarteko kideak Bizkaia Irratian azaldu dauenez, alkarteak 30 urte inguru daroaz Txernobyl inguruko umeak ekarten, osasuna indartu, atseden hartu eta hemen erreferentziazko familia bat izan dagien. Alvarezek gogoratu dau Txernobylgo hondamendiaren ondorioak ez dirala amaitu. Kutsadura nuklearra, pobrezia eta gaur egungo Ukrainako gerrea batu egin dira, eta ume askoren egoerea “benetan gogorra eta tristea” dala nabarmendu dau.
Aurtengo udan 82 neska-mutil etorriko dira Euskal Herrira. Halanda be, atzerritartasun araudi barriak zailtasunak sortu deutsiez alkarteari, umeen dokumentazinoa hiru hilabete lehenago aurkeztu behar dalako. Horregaitik, uda honetarako ezin da familia barririk sartu, baina bai Gabonetarako edo datorren udarako. Alkarteak interesa daukien familiei informazinoa eskatzera hurbiltzeko deia egiten deutse.
Harrera-programaren 30. urteurrenagaz lotuta, Chernobil alkarteak ekitaldia egin eban apirilaren 26an (historiako istripu nuklearrik larrienaren 40. urteurrenean) Donostian, informazinoa emoteko eta boluntarioak zein Ukrainako herritarrak alkartzeko. Alvarezek azpimarratu dau ez daukiela ezer ospatzeko gerrea amaitu arte, baina topaketea baliagarria izan dala egindako lana eskertzeko eta memoria bizirik mantentzeko.
