Tubos Reunidosen etorkizuna airean dago oindino

Etxebizitza dala eta urrian hasitako mobilizazinoen ondoren huelga orokor deialdia egin da azaroaren 11rako

Mitxel Lakuntza: “Grebak ardatz bi ditu: etxebizitzaren eskubidea bermatzea eta soldatak igotzea”

Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia / Bizkaia Irratia

Aste pare bat barru egitekoa da hainbat sindikatu eta eragilek deitutako huelga orokorra, zemendiaren 11an hain zuzen be. Baina egia esan arlo sozioekonomikoan deialdi gehiago be badago eginda, hainbat gatazka dagozalako konpondu barik: osagileena, Bizkaiko erresidentzietakoa eta abar. Guzti horretaz berba egiteko Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuko idazkari nagusia euki dogu Bizkaia Irratiko mikrofonoetan. Hasteko, astelehenean Bilbon izandako istiluen ganeko hausnarketea burutu dau Lakuntzak: “Mobilizazino baketsu eta jentetsuak egin ziran faxismoari aurre egiteko, baina egondako istiluek mezua desitxuratzen dabe”.

Lehendakariagaz bilerea euki eben ELA eta LAB sindikatuek lehengo baten, gitxieneko soldata propioaren gaia jorratzeko asmoz: “Lehendakariagaz egiten doguzan bileretan ez dogu entzuten gurako geunkena. Uste dogu gauza batzuk Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dagozala: patronala presionatzea eta eskumen horreen alde egitea”.

Bestalde, etxebizitza kontuetan badago ezinegona eta urrian hasitako mobilizazinoen ondoren huelga orokor deialdia egin da azaroaren 11rako: “Euskal Herrian helburu propioak ditu grebak, etxebizitza eskumenak hemen daukaguzalako. Huelgak ardatz bi ditu: etxebizitzaren eskubidea bermatzea eta soldatak igotzea”.

Bitartean, bihar Osakidetzan greba dauke deituta: “Hiru datu: 17 urte daroez beharginek hitzarmen barik, azken urteetan erosahalmenaren %20 galdu dabe eta behin-behinekotasuna %50ekoa da”. Ganera, Bizkaiko erresidentzietan hiru huelga egun deitu dabez, zemendiaren 19an, abenduaren 17an eta urtarrilaren 21ean: “10 hilabete daroaguz negozietan. Patronalak hobekuntzak planteau beharrean murrizketak planteatzen ditu”. Amaitzeko, Tubos Reunidosen etorkizuna airean dago oindino. Horren harira, bertan behera geratu zan atzo SEPI eta balizko bost erosleen arteko bilerea: “Egoera gatxa da. Gogoratu behar dogu akzinodunek hartutako erabagien ondorioz gagozala horrela. SEPIk egin ahal dauan, beharbada, gauza bakarra zorra kapitalizatzea da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00