Laburmetrai bat hutsetik sortzeko erronka planteatzen dau Zinebi Express lehiaketak, eta aurten, euskerazko proiektu batek bigarren saria lortu dau. Bost egunetan sortu behar da lana, jaialdiak proposatzen dauan gaia abiapuntutzat hartuta. 67. edizino honetan, ‘argia’ izan da protagonista. 28 taldek lortu eben erronka gainditzea: kolorearen teoria, kristautasuna, heriotza eta prekariedadea landu dira, berbarako.
Bizkaia Irratian irabazleekaz berba egiteko aukerea izan dogu. Izan be, Diagonal 0 kolektiboak bigarren saria irabazi dau Pisu ederra film laburragaz. Begoña Arana, Elene Mengyu Larrinaga, Joane Maiz, Bernat A. Onzain eta Jone Aranberriak osatzen dabe talde teknikoa. Eurekaz batera, Sandra Ortueta eta Sandra Tejero aktore profesionalak izan dira.
Etxebizitzaren arazoari kritika
Laburmetraiak belaunaldi oso baten arazo nagusia lantzen dau: etxebizitza duina erosteko ezintasuna. Komediaren bitartez, egoera horren iluntasuna salatu eta harremanen argi-ilunak aurkezten saiatu dira, 3 minututan. Lanaren ganean egin dogu berba Bernat A. Onzainegaz, Bizkaia Irratiko estudioetara hurreratu dalako sortzaile gaztea.

