Gerediaga alkarteak koordinatzen dau

Udabarri dantza taldeak 60 urte bete dauz aurten

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Amorebieta-Etxanon

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Amorebieta-Etxanon / Bizkaia Irratia

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Amorebieta-Etxanon ospatuko da bihar. Durangaldeko Ezpatadantzari eguna 1967. urtean egin zan lehenengoz Iurretan. Urte batzuetako etenaren ostean, 2023. urtean hasi ziran barriro antolatzen. Gerediaga alkartea da egun honen koordinatzailea. Bertatik, Goiatz Pelaezek esan deusku, dantza taldeak eurak bultzatuta hasi zirala barriro egun hau ospatzen. Durangaldea 14 herrik osotzen dabe. Batzuetan dantza talde bi be badagoz. Gehienen artean harremana dago. Ezpatadantzari eguna ospatuta, sustapen lan aktiboa egin gura dabe eta transmisinoa landu.

Jai-giroa nagusi

Amorebieta-Etxanon egingo da bihar lehenengoz Durangaldeko Ezpatadantzari eguna. Bertako Udabarri dantza taldeak 60 urte bete dauz aurten. Badabilz urtean zehar ekitaldiak antolatzen urteurrena ospatzeko. Biharkoa, eurentzat, berezia izango da. Bihar, arratsaldeko 17:30ean batuko dira dantza talde guztiak Zelaieta zentroan. Amorebieta-Etxanoko Udabarri, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo, Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai, Garaiko dantza taldea, Iurretako dantzariak, Mallabiako Gazte Alai, Mañariko Andra Mari dantza taldea eta Otxandioko Urduri dantza taldeak arituko dira. Agintariarena, makil-dantza edo banangoa moduko dantzak eskeiniko dabez seiretatik aurrera herriko plazan. Dantzari-dantza be eskeiniko dabe, Durangaldean bertan jaiotakoa. Amorebieta-Etxanoko Udazken, Jaizale, Durangaldeko txistularien alkartea eta Ontxandiotik Kaleik-Kale txistulari taldeak izango dira dantzariakaz batera. Dantza emonaldiaren ostean, jai-giroak jarraituko dau Amorebieta-Etxanon, Kittu taldeagaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00